Anaitasunak mendean hartu du Deportivo Alaves

Andoni Elduaien 2022ko ots. 28a, 09:15

Jokalariak gola ospatzen. (Anaitasuna)

Emakumezkoen lehen taldeak 4 eta 2 irabazi zion Gasteizko futbol taldeari. Mutilek, aldiz, etxetik kanpoko zurrunbilo beltzean sartuta jarraitzen dute. 2 eta 1 galdu zuten larunbatean Uritarra taldearen aurka.

Larunbatean, Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak 4 eta 2 menderatu zuen Deportivo Alaves 'B', Txerloian. Neskak birritan izan ziren markagailuan atzetik, baina aurkakotasun guztiei erantzuteko gai izan ziren. Atsedenaldira bina iritsi ostean, aldageletatik bueltan lortu zuten gorrixek hiru puntu lortzea.

Ordu laurdena betetzerako egin zuten babazorroek huts eta batekoaren gola. Anaitasunako jokalariek atzeko lerroan izandako gaizki-ulertua baliatu zuten arabarrek aurretik jartzeko. Hala eta guztiz ere, laster berdindu zuen Anaitasunak lehia. 20. minutuan, Ainhoa Galarragak kornerretik erdiratutako baloia zuzenean sareetara bidali zuen hark, gol olinpikoa lortuz. Anaitasunak emandako espazioei etekina ateratzen asmatu zuten bisitariek, eta ordu erdia pasatu berria zenean bat eta bikoa egin zuten kontraerasoan. Atsedenaldira iristeko segundoak gelditzen zireneanberdindu zuen lehia Anaitasunak. Maider Badiolak egindako jokaldia Jone Sudupek borobildu zuen.

Etenaren ondoren, kemen handiarekin zelairatu zen Anaitasuna berdegunera, hiru puntuen gosez. Sortu zuen lehen abagunetako batean lortu zuen taldeak aurrea hartzea, eta atsedenaldiaren aurretik goleko pasea eman zuen Badiolak protagonismo berezia hartu zuen Txerloian. Izan ere, aurrelariak lortu zituen Anaitasunaren hirugarren eta laugarren golak, bat 55. minutuan eta bestea 75. minutuan.

Eskuratutako hiru puntuekin goiko postuak estutu ditu Anaitasunak. Azken hiru partidak irabazi egin ditu Gorka Zubizarreta entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak, eta sailkapeneko laugarrena da 37 punturekin. Arerioek baino partida bat gutxiago jokatuta, puntu bakar batera du orain hirugarren postua eta bi puntura bigarrena. Datorren asteburuan, Basauriko Kimuak taldearekin neurtuko dituzte indarrak.

Mutilek galdu

Gizonen lehen taldeak burua altxatu ezinda jarraitzen du etxetik kanpo. Larunbatean 2 eta 1 galdu zuten Uritarra sailkapeneko azkenarekin. Larrabetzuko (Bizkaia) futbol taldeak Anaitasuna ondo ari zen unean lortu zuen gola egitea. Atsedenaldiraren aurretik gol aukera bat edo beste egin zuten Xabi Artetxeren mutilek, baina ez zuten asmatu ate aurrean.

Bigarren zatia hasi eta berehala egin zuten bigarren gola etxekoek, eta Anaitasunari zituen asmo guztiak zapuztu zitzaizkion. Gainera, deseroso aritu ziren lehen minutuetan, eta ez ziren etxekoak gehiegi larritzeko gai izan. Amaitzeko ordu laurdena falta zela egin zuen Anaitasunak bere gola. Ion Izagirre izan zen, buruz, markagailuko errenta murriztu zuena. Xabi Soraluzek egin zuen erdiraketa kornerretik. Handik minutu gutxira, gainera, erdilariak berak gertu izan zuen binakoa egitea, baina haren jaurtiketa zutoinaren ondotik kanpora joan zen.

Saririk gabe itzuli zen Anaitasuna Larrabetzutik. Sailkapeneko bederatzigarrena da egun, 40 punturekin. Larunbatean, 16:30ean, Pasaiaren aurkako partida jokatuko dute Txerloian. Pasaiak bi puntu gutxiago ditu egun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide