Karnabalak 2022

Karnabal giroa itzuli da Azkoitiko kaleetara

Anartz Izagirre 2022ko ots. 25a, 18:00

Xabier Munibe Ikastolako ikasleek herriko kaleetan zehar egin dute mozorroen kalejira, eta Floreaga Ikastetxekoek, beren eskolan. Ondoren, Oihan Vegak disko festa eskaini du plazan, eta herritarrek gogotik egin dute dantza.

Iaz ezin izan zen karnabalik ospatu, baina aurten badago horretarako abagunea, eta herritarrek, beste behin, ez dute hutsik egin. 16:00ak zirenean hasi da kaleetan giroa berotzen, Xabier Munibe Ikastolako ikasleek kalejira egin baitute ikastolatik abiatuta. Plazaberrin zain zituzten senideak eta dozenaka herritar, horietako batzuk, mozorroa soinean zutela. Urtero legez, askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira kalejiran; esaterako, azken urteetan sona handia izan duten telesailetako pertsonaien mozorroak, eta inoiz hutsik egiten ez duten indiar, bakero edo printzesa jantziak. 

Floreaga Ikastetxekoek, bestalde, aurten kalejiran ez parte hartzea erabaki dute pandemia dela-eta, Labiren erabakiaren aurretik udalarekin hala hitzartu baitzen. Hala eta guztiz, ez da festarik falta izan haien ikastetxean ere, eta askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira ikasleen artean.

Eskola orduak amaitu ostean, berriz, jaiak ez du etenik izan, 17:00etan hasita dantzaldia izan baita Oihan Vegak eskainita. Herritarrek gogotik astindu dituzte gerriak, eta iazko etenaren ostean mozorroek hartu dute berriro herria. Eguna borobiltzeko, 21:30ean hasita disko festa izango da Elkargunean DJ Xabi Festen eskutik, 12-17 urte bitarteko haurrentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide