Azkoitiko PSE-EEk kontsumitzaile zaurgarriei arreta "pertsonalizatua, hurbila eta azkarra" emateko eskatu du, eta ildo horretatik, Azkoitiko Udalari lan bat ezarri dio: herrian presentzia duten enpresei eta erakundeei horren berri ematea. Era berean, ematen dituzten zerbitzuak edo produktuak kontratatzeko sistema digitalak edo makinak erabiltzeko derrigortasuna saihesteko eskatu die talde sozialistak enpresei, baita kalean itxaroteko denborak ekiditeko ere.
Janire Igoa Azkoitiko Udaleko PSE-EEko zinegotziak adierazi duenez, azken urteetan hainbat arau gehitu dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen defentsa bermatzeko. "Eskarmentuak erakusten digu bezeroarentzako arreta zerbitzu gehienek gabezia handiak dituztela, batzuetan interesatuak, eta ondorioz, egoera horrek ezinbesteko zaurgarritasun eta defentsa gabezia egoeran jartzen ditu kontsumitzaileak eta erabiltzaileak", gaineratu du.
Bestalde, adierazi du enpresek, saltokiek, bankuek eta, oro har, erakunde publikoek zein pribatuek "ibilbide luzea" dutela egiteko zentzu horretan, zerbitzuak modu egokian eman ditzaten adinekoak eta desgaitasuna duten pertsonak kontuan hartuta. Ildo horretatik, Igoak jakinarazi du udalak urteak daramatzala lanean Azkoitia herri lagunkoia izan dadin; esaterako, Azkoitia Lagunkoia programaren bitartez. "Programa horren helburua da adinekoen eta herritarren parte-hartzea bultzatzea, eta udalerrietako auzoak eta inguruneak hobetzea, zahartzen garen heinean gure bizitza normaltasunez egiten jarrai dezagun", gehitu du zinegotziak.
Horrez gain, zinegotzi sozialistak azpimarratu du pertsona horiek zailtasunak dituztela ingurune digitalean zerbitzuak eskuratzeko: "Oztopoak areagotu egiten dira bide digitala denean produktuak edo zerbitzuak kontratatzeko eskaintzen den bide bakarra, eta, tamalez, hori gehiagotan gertatzen da. Hala gertatzen da, adibidez, bankuen eremuan".
Sei puntuko mozioa
Guztira, sei puntuko mozioa aurkeztu zuen asteazkenean Igoak, Azkoitiko Udalari hainbat eskaera eginez. Lehenengo puntuan, udalari iradoki dio herrian presentzia duten enpresei eta erakundeei eskatzeko kontsumitzaile ahulentzako "arreta pertsonalizatua" ematea; bigarren puntuan, erakunde horiei, publikoei zein pribatuei, eskatzeko kontuan har ditzatela kolektibo horien premia bereziak eta arreta hurbil eta azkar bat ematea, kalean itxaroteko denborak saihestuz; hirugarrengoan, erakunde horiei sistema digitalak edo makinak erabiltzeko betebeharra saihesteko ematen dituzten zerbitzuak edo produktuak kontratatzea; laugarrengoan, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzeko beren eskumeneko zerbitzu bakoitzean aurrez aurreko arreta ematea eta pertsonen itxaronaldia saihestea; bosgarrengoan, udalari eskatu dio egin behar dituzten izapideetan adinekoek eta desgaitasuna duten edozein adinetako pertsonek dituzten zailtasunak berrikusteko konpromisoa hartzea, eta azken puntuan, udalak saltokiei eta ostalaritzari eska diezaiela adinekoekin eta edozein adinetako desgaitasuna duten pertsonekin tratu atsegina izateko neurriak praktikan jartzea.
Babes zabalarekin onartuta
EAJk eta EH Bilduk PSE-EEk aurkeztutako mozioaren alde bozkatu zuten, eta Azkoitia Baik ezezko boza eman zuen, Jose Joakin Etxaniz zinegotziaren hitzetan, halako mozioek ez dutelako "eraginik" —irakurri hemen arrazoiak—. Bestalde, EAJko Marijose Arregi zinegotziak mozioa onartzearen aldeko arrazoiak eman zituen: "Gure alderdiak bat egiten du mozio honekin, gizatasunaz ari garelako hizketan". Arregik nabarmendu zuenez, "etxe denetako arazoa" da aipatutakoa: "Nori ez zaio tokatu familiako adineko bati tramiteak egiten laguntzea. Mugimendu horrek eragin handia izan du, eta erakundeok aurre hartzen asmatu behar dugu". Horrez gain, Arregik azaldu zuen Azkoitiak eginda duela ibilbideren zati bat, bereziki Azkoitia Lagunkoiarekin elkarlanean, eta nabarmendu zuen merezi duela lan hori "balioan jartzea".