Azkoitiko Udalak otsaileko ohiko osoko bilkura egin zuen atzo, asteazkena, udaletxean, eta hizpide izan zuten puntuetariko bat honakoa izan zen: 2022ko Zubiaurre-Elkargune Institutuko ondare sarrera publiko ez tributarioen ordenantzaren aldaketaren hasierako onespena. Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak eman zuen xehetasunen berri, eta azaldu zuen "bazkideen egonkortasuna bermatzeko" eta erabiltzaileak etengabe alta eta baja ematen ez aritzeko matrikula ezarri zutela —lehen aldiz izena ematean ez da matrikularik ordaintzen—. Modu horretan, erabiltzaile batek hilabete batean baja ematea erabakitzen badu —kuota hilero ordaintzen da—, eta urtebete igaro baino lehen berriro alta ematen badu, matrikula ordainarazten zaio.
Azkoitiak adierazi zuenez, ordea, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiagatik Elkargunera sartzeko baldintzak aldatu egin dira; esaterako, COVID ziurtagiria eskatzen hasi ziren Elkargunean Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta. "Sarrerako baldintzak aldatzen badituzu eta norbaitek baldintza horiek ez baditu betetzen, baja emateko eskubidea du. Baina gero sarrerako baldintzak lehengoratzen badira, alta emateko eskubidea dauka, baldintzak betetzen dituelako", arrazoitu zuen Azkoitiak. Hori dela eta, halako kasuetan eta etorkizunean gerta daitezkeen arrazoitutako beste zenbait kasutan, berriro alta emategatik erabiltzaileei matrikula ez ordainarazteko salbuespena onartu zuen atzo udalbatzarrean. EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik aldaketaren aldeko botoa eman zuten —irakurri hemen Azkoitia Bairen arrazoiak—, eta PSE-EE abstenitu egin zen.
Janire Igoa udaleko PSE-EEko zinegotziak abstentzioaren zergatiaren berri eman zuen: "Gure aldetik uste dugu erabiltzaileek alta emanda jarrai zezaketela kiroldegira joan gabe eta COVID ziurtagiria aurkezteko betebeharra kendu gabe; horrela matrikula ez lukete ordaindu beharrik izango. Uste dugu, nahiz eta erabiltzaile batzuk kexu izan, udalak bere momentuan zuzen jokatu zuela, eta abstenitu egingo gara bozketan".
Babes zabalarekin, beraz, onartuta gelditu zen aldaketa, eta udalak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarri nahi du aldaketa hori. Era berean, datorren maiatzaren 21a baino lehen jasotako altak soilik hartuko dituzte kontuan salbuespen hori ezartzerakoan.