Martxoaren 6an hasiko da Erniarraitz Bertso Sariketaren XI. edizioa

Anartz Izagirre 2022ko ots. 23a, 16:49

X. Erniarraitz Bertso Sariketaren finaleko irudia. (Maialen Etxaniz)

Errezilen izango da lehen kanporaketa, 17:00etan, Borondegi aretoan, eta honako sei bertsolariak arituko dira kantuan: Urko Arregi, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Txaber Altube, Unai Mendiburu eta Iker Letamendia. Beste bi kanporaketak Zestoan eta Azkoitian izango dira, hurrengo igandeetan, eta finala, Azpeitian, hilaren 25ean. Guztira, hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute sariketan, eta horietatik sei sailkatuko dira finalera.

Badator beste urtez batez Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Erniarraitz Bertso Sariketa. Aurten XI. edizioa izango da, eta martxoko lehen hiru igandeetan izango dira hiru kanporaketak; finala, aldiz, martxoaren 25ean, ostirala, izango da Azpeitiko Gaztetxean. Lehen kanporaketa Errezilgo Borondegi aretoan izango da, martxoaren 6an. Sei bertsolari arituko dira kantuan saio horretan, finalera sailkatzeko lehian: Urko Arregi, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Txaber Altube, Unai Mendiburu eta Iker Letamendia. Bigarren kanporaketa, berriz, Zestoako Kultur Etxean izango da, eta honako bertsolariek parte hartuko dute: Aimar Sorazu, Aitor Tatiegi, Oihana Arana, Naia Arrizabalaga, Imanol Albizu eta Garazi Navarro. Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, Azkoitiko Kultur Etxean izango da, eta honako bertsolariek parte hartuko dute: Maider Garmendia, Bittor Altube, Julene Iturbe, Paule Loizaga, Aner Euzkitze eta Oier Etxeberria.

Guztira, beraz, hemezortzi bertsolari arituko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila, eta kanporaketa bakoitzeko irabazlea martxoaren 25ean, ostirala, Azpeitiko Gaztetxean izango den finalera sailkatuko da; gainerako hiru finalistak, berriz, kanporaketetan puntuaziorik altuena lortu duten bertsolariak izango dira. Kanporaketa guztiak 17:00etan izango dira, eta finala 22:00etan. Bost euro balioko du saioetarako txartel bakoitzak, eta egunean bertan jarriko dituzte salgai horiek.

2020. urtean egin zen Erniarraitz Bertso Sariketaren X. edizioa, eta orduko hartan Xabat Illarregik jantzi zuen txapela. Honako lotura honetan ikus daiteke azken finaleko argazki bilduma.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide