Bihar, ostiralarekin, karnabaletan bete-betean murgilduko da Azkoitia. Herriko txikienak zein gazteenak izango dira mozorrotzen lehenak, eta helduek hartuko diete lekukoa etzi, larunbata. Herritarrek izan dituzten burutazio zelebreak mozorroetan islatuta ikusteko aukera izango da beste behin herrian. Festa osatzeko, musika emanaldi ugari antolatu ditu udalak datozen bi egunetarako.
Ikastetxeetan ostiral arratsaldean mozorrotuko dira. Floreaga Ikastetxeko kideek eskola barruan ospatuko dituzte inauteriak, eta, aldiz, Xabier Munibe Ikastolakoek kalejira egingo dute. 16:00etan hasita, Estrada kaletik behera Balda plazara joango dira aurrena; horren ostean, Plazaberri gurutzatuko dute, eta eliz ataritik pasatu ostean, Aizkibel kaletik gora ikastolara itzuliko dira berriro. Bi ikastetxe horietan merienda banatuko du udalak. 17:00etatik iluntzera bitartean, berriz, Oihan Vega musika jartzaileak girotuko du plaza. 21:30ean, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat disko festa eta mozorro lehiaketa egingo dituzte Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Xabi Fest DJak girotuko du aretoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, gainera, sariak banatuko dituzte.
Zapatuan jarraituko du karnabaletako festak Azkoitian. 12:00etan, Txalkor txistulari taldeak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar. 12:30ean, Azkoitiko musika banda eta Bizkargi musika eskolako banda txikia kalera aterako dira karnabaletako hainbat doinu eskaintzera. Goizeko musika doinuek arratsaldekoei emango diete lekukoa; izan ere, batetik, Kantu Kolore taldeak Peru krokodiloa ikuskizuna eskainiko du Baztartxo antzokian, 17:00etan. Saioaren bidez lortutako dirua CDKL5 elkarteari emango diote. Ikuskizunerako sarrerak Elkarguneko Gazte Zerbitzu Bulegoan –17:00etatik 19:00etara– edo Entradium atarian eros daitezke, 3 euroren truke.
Joselu Anaiak taldea ere Azkoitian izango da larunbatean. Musika taldeak dantzaldia eskainiko du 18:00etatik 21:00etara bitartean, herriko plazan. 22:00etatik gauerdira arte, berriz, disko festa egingo dute Elkargunean, Xabi Fest DJarekin.
Mozorro lehiaketa
Joselu Anaiak musika taldearen emanaldia amaitu bezain laster egingo dute mozorro eta taberna apainketa lehiaketaren sari banaketa, plazan bertan. Hain zuzen ere, zabalik jarraitzen lehiaketetan izena emateko epeak. Parte hartu nahi dutenek bihar, ostirala, baino lehen eman beharko dute izena, udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan.
Izena ematen duten taldeek zapatuan 19:30etik 20:30era eliz ataritik pasatu beharko dute, epaimahaikideek beren mozorroak baloratu ditzaten; tabernak ikustera, aldiz, 19:00etatik aurrera pasatuko dira. Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia aurreratu egin du aurten udalak. Azken urteetan gauerdian egin izan dute, baina larunbatean 21:00etan egingo dute, egokiagoa dela iritzita. 22:00etatik gauerdira arte, berriz, disko festa egingo dute Elkargunean, Xabi Fest DJarekin.
Egitaraua
- Otsailak 25, ostirala:
- 16:00etan, Xabier Munibe Ikastolako ikasleen desfilea.
- 17:00etan, umeentzako dantzaldia Oihan Vegarekin, herriko plazan.
- 21:30etik 23:30era, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat disko festa eta mozorro lehiaketa Xabi Fest DJarekin, Elkargunean. Sariak egongo dira.
- Otsailak 26, larunbata:
- 12:00etan, Txalkor txistulari taldearen kalejira.
- 12:30ean, Azkoitiko Udal Musika Bandaren eta Bizkargi musika eskolako ikasleen kalejira.
- 17:00etan, Kantu Kolore taldearen Peru krokodiloa ikuskizuna, Baztartxo antzokian.
- 18:00etatik 21:00etara, Joselu Anaiak taldearen dantzaldia, herriko plazan.
- 21:00etan, mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
- 22:00etatik 00:00etara, disko festa Xabi Fest DJarekin, Elkargunean.