Joan den urtean egindako lanaren berri eman du gaur Iraurgi Berritzen Urola Erdiko berrikuntza eta garapen agentziak. 2021eko memoria aurkeztu dute Loiola Zentroan Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko egungo lehendakariak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkate eta agentziaren lehendakariordeak, eta Begoña Beobide Iraurgi Berritzenen zuzendariak. Tokiko garapena, enpresa, enplegua, ekintzailetza, hezkuntza, merkataritza eta turismoa dira Iraurgi Berritzenek jorratzen dituen zazpi arloak, eta atalez atal azaldu dituzte garatutako proiektuak eta izandako emaitzak.
"Eskualdeko ikuspegitik abiatuta, gure udalerrien sustapen sozioekonomikorako daukagun tresna nagusia da Iraurgi Berritzen", esan du Alkortak, agentziaren helburuak azaltzeko hitza hartu duenean. Gaurkoan iazko balantzea plazaratzeko tartea hartu duten arren, atzerago jo dute agentziaren ordezkariek egoeraren argazkia egiteko. COVID-19aren pandemiak azken bi urteetan ekarri dituen zailtasunak aipatu ditu Alkortak, baina horiei aurre egin beharrak agentziaren eta eragile sozioekonomikoen aktibazioa ekarri duela uste du: "Azken bi urteak guztiontzak ezohikoak eta zailak izanagatik, Iraurgi Berritzenen balorazio positiboa egiten dugu. Urte ezegonkorrak izan dira eragile sozioekonomikoentzako, baina aldi berean, erronka horiei aurre egiteko eragileon arteko harremana indartu egin dela uste dugu". Agentziaren barruko hartu-emanetan zein parte-hartzerako guneetan antzeman da indartze hori, Iraurgi Berritzenen lehendakariaren esanetan. Indartzearekin batera, "sarea handitu" egin dutela ere gaineratu du, eragile gehiagorengana iritsiz, "eta hori oso garrantzitsua da gurea bezalako erakunde batentzat".
Azken hilabeteetan Iraurgi Berritzenen lankidetza eredua "sendotzen" ari dela deritzo Alkortak, eta ildo beretik hitz egin du Zubizarretak ere, eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratuta: "Gobernantza eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen den eredua da gurea, eragileekin elkarlanean identifikatutako beharrak eta proiektuak garatzeko beharrezkoak diren bitartekoak eta baliabideak ahalbidetuz eta kudeatuz". Zubizarretaren ustez, Iraurgi Berritzenen leloak –Elkarrekin eskualdea eraldatzen– erakundearen lan filosofiaren hiru balio nagusiak ondo laburbiltzen" ditu.
Egitasmoak eta emaitzak
2021eko balantze zehatzari dagokionez, hamaika egitasmo, proiektu eta emaitza aipatu dituzte Zubizarretak, Alkortak eta Beobidek gaurko aurkezpenean.
"Eskualdearen sustapen sozioekonomikorako proiektu estrategikoak eta inguru berritzaileak sortzeko politikak eta estrategiak garatzea" da, Zubizarretak azaldu duenez, agentziaren barruan Azkoitiko eta Azpeitiko alkateek eta Ekonomia zinegotziek osatzen duten Tokiko Garapen Gunearen zeregina. 2021-2024 epeko hausnarketa estrategikoa, "Urola Erdiko eskualdea erakargarri egiteko oinarriak eta ekintza plana definituko dituen prozesua", abian jarri dute gune horretan. 50 urtetik gorako herritarren lanerako aukerak sustatzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko egitasmoetan "pauso garrantzitsuak" eman dituztela adierazi du Zubizarretak, eta energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarria indartzeko plangintzak ere badituzte esku artean.
Enpresa arloari dagokionez, "agentziaren irismena areagotu" dela azpimarratu du Alkortak: 127 enpresarekin izan dituzte hartu-emanak. Enpresentzako diru-laguntzak kudeatzeko "zerbitzua indartu" dute, eta laguntzen onuradun izan diren enpresen kopurua hazi egin da: 105 dirulaguntza kudeatu zituen iaz Iraurgi Lantzenek, guztira 4,1 milioi euro eskatuz, eta bailarako 38 enpresak jaso zuten dirulaguntzaren bat.
Enpleguaren arloa da, Beobideren esanetan, Iraugi Berritzenen jardueretan "inpaktu gehien" izaten duena. "Eskualdeko langabezia murriztea eta enplegua eta lan munduratzeko prestakuntza sustatzea" dira Iraurgi Berritzenek arlo horretan bete nahi dituen helburuak, "tokiko enplegu politika garatuz". Beobidek nabarmendu du azken urteetan "udalen apustua eta politikak" ere ildo beretik joan direla, horrek erraztu eta indartu egin duela agentziaren lana, eta emaitzak plazaratu ditu segidan: "Langabeziaren bilakaera azken urtean positiboa izan da, %14ko jaitsierarekin. Urola Erdiko langabezia indizea 7,7koa da gaur egun, azken urteetan izaten ari den joera mantenduz". Enplegu eta prestakuntza ordezkarien gunea; langabetuentzako Ikaslan prestakuntza proiektua –"Izarraitz Lanbide Heziketarekin elkarlanean, bereziki"–; iaz 1.237 erabiltzaile bakar artatu, 356 lan eskaintza kudeatu eta 100 pertsona laneratzen lagundu zuten enplegu eta orientazio zentroen zerbitzuak; eta lan munduratze programa nabarmendu ditu enpleguaren arloan Beobidek, baita "gazte kualifikatuen talentua" bertako enpresetara bideratzeko eta "egoera ahulenean dauden perfilak bultzatzen" egiten ari diren lana ere.
84 pertsonak jo zuten iaz Iraurgi Berritzenek ekintzaileei eskaintzen dien zerbitzura. 44 proiektu landu zituzten zerbitzu horretan, eta proiektu horietatik hamabost enpresa eta hogei lanpostu sortu dira, agentziak gaur emandako datuen arabera.
Agentziak hezkuntza arloan egindako lanaren errepasoa egin aurretik, Beobidek azpimarratu du Iraurgi Berritzen dela "hezkuntza lantzen duen garapen agentzia bakarra". Beobidek azaldu du Iraurgi Berritzenek arlo horretan garatzen eta bultzatzen dituen egitasmoak DBHko eta Batxilergo mailetan ari diren ikasleei zuzendutakoak direla. "Eskualdeko eragile sozioenkomikoekin harremanak indartzea, ikasleen orientazioan laguntzea, eta irakaskuntza metodologia berriak zein zientzia eta teknologia gaitasunak lantzea" dira agentziaren hezkuntza arloaren helburuak. Eskualdeko bost ikastetxek, 30 irakaslek, 400 ikaslek eta 50 bat eragile sozioekonomikok hartzen dute parte arlo horretako proiektuetan.
Merkataritzari dagokionez, herrietako merkatarien elkarteekin elkarlanean ari da Iraurgi Berritzen. Bailarako turismo eskaintza bateratuaren ardatza ere bada garapen agentzia; azken hilabeteetan, besteak beste, marka turistikoa eta webgunea berritu ditu.