Azkoitiko AEK Euskaltegiak jakinarazi du 22. Korrikaren ibilbidea. Aurten, azpeitiarren eskutik jasoko du Azkoitiko herriak Korrikaren lekukoa, eta herriko errepideetan zein kaleetan eskuz esku ibili ondoren, urretxuarrei emango diete azkoitiarrek lekukoa, haiek beraien bidea osatu dezaten. Apirilaren 8an, ostiralez, izango da horie, eta aurreikuspenen arabera, euskararen aldeko lasterketa 14:07an iritsiko da Azkoitiko lurretara.
Munategi parean jasoko dute azkoitiarrek lekukoa, eta errepide zaharretik Santa Kutz auzora igoko dira handik. Malda igarota, San Jose egoitzara sartu-irtena egingo du Korrikak orduan. Segidan, Ugarteigarango igerilekuen albotik, Ugarte Ibilbidea zeharkatuko dute korrikalariek, handik Julio Urkixo etorbidera irteteko.
Etorbide osoa zuzen-zuzen zehazkatuko du Korrikak, eta euskararen aldeko lasterketa Azkoitiko Alde Zaharrera sartuko da, Balda plazara gain zuzen. Plazaberri nahiz Kale Nagusia osorik igaro beharko dituzte Korrikan parte hartuko duten euskaltzaleek, eta azken kale horren amaieran, Altzibar Etorbidera zuzenduko dia. Altzibar ere osorik igaroko du Korrikak, eta saihesbideko biribilgunera iritsitakoan, Urretxura doan errepidean sartuko dira. Zuzengune osoa egingo du Korrikak, eta Aizpurutxotik barrena Urretxura bideratuko da Korrika.
Kilometroen zozketa
Azkoitiko AEK-k gogorarazi du oraindik eskuragarri daudela Azkoitiko kilometro zatiak. Kilometroa erosi nahi dutenek Azkoitiko AEKrekin jarri beharko dute harremanetan: azkoitia@aek.eus helbide elektronikora mezua idatzita edo 607 61 26 97 telefono zenbakira deituta. Erakundeek, enpresek nahiz herritarrek 450 euroren trukean eskuratu ahal izango dute kilometroa, eta erdia, berriz, 250 euro kostatuko da.
Horren bueltan, atzo egin zuen Azkoitiko Korrika Batzordeak Korrika prestatzeko bigarren bilera, eta han erabaki zuten kilometroak hartu dituzten eragile guztien artean zozketa egingo dutela. Hain zuzen ere, martxoaren 29rako Elkargunean jarri dute horretarako hitzordua. Bestalde, Korrika Txikia egin edo ez aurrerago erabakitzea onartu zuten atzoko batzarrean. Martxoaren 8an egingo dute Korrika Batzordeak hurrengo bilera, eta herrian haurrentzat Korrika antolatuko duten edo ez orduan eztabaidatuko dute.