Ados Pilotak antolatutako Eusko Label Binakako Txapelketa amaierara iritsi da, eta finalerdiak Amurrion (Araba) jokatu ostean, igandean, hilak 27, Azkoitiko Gurea pilotalekuan izango dira finalak. Promozio mailan Rodrigez eta Mondragon II.a Santosen eta Urrizaren aurka lehiatuko dira, eta lehen mailan, Iturriagak eta Egañak osaturiko bikoteak Zelaiak eta Lopezek osatutakoaren aurka neurtuko ditu indarrak. 12:00etan hasiko dira partidak, eta dagoeneko eskura daitezke sarrerak Ados Pilotaren webgunean eta udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan, hamar euroren truke. Horrez gain, egunean bertan ere izango da txartelak eskuratzeko aukera, pilotalekuko leihatilan.
Gaur, asteartea, egin dute pilota aukeraketa finalistek, eta, ondoren, finalaren aurkezpena egin dute. Bertan izan dira Azkoitiko udal ordezkariak, eta Javier Zubizarreta alkateak partida ikustera gonbidatu ditu herritarrak: "Finala ikustera joatera animatu nahi ditut herritarrak. Maila altuko txapelketa ari dira egiten, eta pilotalekura gerturatzen denak pilota ikuskizunaz gozatzeko aukera aparta izango du igandean. Kantxan eta kantxatik kanpo egiten ari diren ahaleginak eta lanak merezi du gure aitortza".
Aurkezpenean izan da txapelketan parte hartu duen Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarra ere. Arrieta eta Naroa Agirre txapelketatik kanpo gelditu ziren joan zen otsailaren 13an, final laurdenetako partida galdu ostean. 22 eta 15 galdu zuten Etxekolonearen eta Mujikaren kontra, Iruñean.
Frontoiak emakumeenak ere badirela erakusteko jaio zen Ados Pilota, eta Eusko Label Binakako Txapelketa da klubak antolatu duen lehen txapelketa handia. Punta-puntako pilotariek parte hartu dute lehian; lehen mailan zazpi bikote aritu dira nor baino nor gehiago, eta promozio mailan, beste lau.