Asteburu beltza izan da Iraurgi Saskibaloia klubarentzat. Juaristi ISBk 67 eta 77 galdu zuen atzo, igandea, Melilla Sport Capital taldearen aurka Azpeitiko kiroldegian. Larunbatean, aldiz, Azkoitia-Azpeitia ISB 70 eta 64 erori zen Oses Construccion Ardoi taldearen aurrean. Ezinbestean, jaitsiera postuetatik aldentzeko borrokan murgilduta jarraitu beharko dute ISBren lehen bi talde nagusiek.
Juaristi ISBrentzat partida garrantzitsua zen atzokoa; izan ere, sailkapenean gertu zuen arerioa izan zuten aurrean Iñaki Jimenezen mutilek. Partida 22na berdinduta hasi zuten lehen laurdenean ISBk eta Melilla Sport Capital taldeek. Hala eta guztiz ere, atsedenaldirako hiru puntuko errenta hartu zuen kanpoko taldeak. Aldageletatik bueltan, egoera iraultzeko asmoz atera zen Juaristi ISB, baina, abantaila handitzea lortu zuen taldea Melilla izan zen; 53 eta 64 atzetik zen hirugarren laurdenaren amaieran.
Azken laurdenerako zail zituen kontuak ISBk, eta ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren. Markagailuan zerbait hurbildu bazen ere, Melillak errentari eusten jakin zuen, eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuen beheko postuetatik ihes egiteko pauso handi bat emanez. Sidy Cissoko izan zen ISBko jokalari eraginkorrena. 15 puntu saskiratu zituen Baskoniak utzitako jokalariak eta 14 puntuko balorazioa eskuratu zuen. 22. jardunaldiko partida jokatzeko Madrilera egin beharko dute bidaia Iñaki Jimenezen mutilek. Martxoaren 6an, 12:30ean, Goiko postuetan den Movistar Estudiantesen aurka jokatuko du Juaristi ISBk.
Porrota, Zizur Nagusian
Azkoitia-Azpeitia ISBk ere galdu egin zuen larunbatean Oses Construccion Ardoi taldearen aurka; 70 eta 64 erori ziren neskak Zizur Nagusian (Nafarroa). Azken laurdenean lortu zuten etxekoek ordura arte gailendu zen berdinketa haustea; izan ere, lehen hiru laurdenetan bi taldeen arteko parekotasuna agerian gelditu zen. 13na berdindu zuten lehen laurdena, 21na bigarrena, eta 18 eta 19 irabazi zuen ISBk hirugarrena. Azken laurdenean, ordea, defentsa lan ona egin eta saskiraketetan ISB baino finago aritu ziren nafarrak, eta garaipena lortzeko gai izan ziren.
Margueritte Effa izan zen Azkoitia-Azpeitia ISBko jokalari onena. 20 puntu saskiratu zituen hark eta 19 puntuko balorazioa lortu zuen. Anisha Georgek puntu gutxiago lortu zituen (12), baina 17 puntuko balorazio eskuratu zuen. Datorren ostiralean, 20:00etan, Recoletas Zamoraren aurka jokatuko du Andoni Lazkanoren taldeak Azkoitiko Elkargunean.