Dualean euskararen erabilera indartzeko egindako lana aitortu diote Izarraitz Lanbide Heziketari

Andoni Elduaien 2022ko ots. 19a, 12:38

Elorza -ezkerretik laugarrena-, gainerako sarituak eta aldundiko ordezkariak. (Argazkia: Ikaslan)

Lanbide Heziketako ikastetxeei bezala, LH DuaLa Euskaraz egitasmoan parte hartu duten Gipuzkoako zenbait lantokiri ere aitortza egin zieten atzo, Bergaran. Besteak beste, Azpeitiko Astigarraga Kit Line enpresaren lana ere errekonozitu zuten, eta Aitor Gil azkoitiarrak jaso zuen lantokiari emandako oroigarria.

LH DuaLa Euskaraz egitasmoaren aitortza ekitaldia egin zuten atzo, ostirala, Bergaran (Gipuzkoa). Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean erreferenteak diren Gipuzkoako lantokiei eta Lanbide Heziketako ikastetxeei egin zien aitortza Miguel Altuna Institutuan, tartean Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketari. Eneritz Elorza azkoitiarrak jaso zuen oroigarria Izarraitz Lanbide Heziketa ikastetxearen izenean.

Laneki elkartea arduratzen da Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez, eta harekin batera Ikaslan eta Hetel elkartekideek sustatzen dute LH-Duala Euskaraz. Helburua da Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea. Era berean, heziketa zein lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz egiten ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea ditu xede proiektuak. 

Lantokiek egitasmoari ematen dioten zerbitzuari ere egin zioten aitortza atzo Bergaran. Proiektua lantokian urte batean baino gehiagotan garatu izana, dualean izandako ikasleak enpresan bertan lanean geratu izana eta lantokiaren izaera anitza hartu zituzten kontuan errekonozimendua egiteko. Azpeitiko Astigarraga Kit Line enpresaren lana nabarmendu zuten, eta Aitor Gil azkoitiarrak hartu zuen hari emandako oroigarria. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide