Elezkano II.a eta Zabaleta nagusi Gurea pilotalekuan

Andoni Elduaien 2022ko ots. 19a, 09:10

Gurea pilotalekuan herritar ugari elkartu zen.

Elezkano II.ak eta Zabaletak 22 eta 18 irabazi zuten atzo Jakaren eta Mariezkurrena II.aren aurka Gurea pilotalekuan. Lehen partidan ere emaitza berarekin irabazi zuten Zabalak eta Etxeberriak.

Pilotari profesionalen partidak izan ziren atzo, ostirala, Gurea pilotalekuan. 22:00etan hasita, binakako txapelketetako bi neurketa jokatu zituzten pilotariek, frontoian ziren 200 bat herritarren aurrean. Partida estuak eta lehiatuak jokatu zituzten nola promozio mailako partidan, hala lehen mailakoan.

Aurreneko partida, promozio mailakoa, Zabalak eta Etxeberriak irabazi zuten 22 eta 18, Zubizarreta III.aren eta Eskirozen kontra. Bigarren partidako puntua, berriz, Elezkano II.ak eta Zabaletak poltsikoratu zuten, Jakari eta Mariezkurrena II.ari 22 eta 18 irabazita.  

Garaipena eskuratuta, finalerdietara zuzenean sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute Elezkano II.ak eta Zabaletak; izan ere, bi bikote sartuko dira zuzenean txapelketako finalerdietara, eta asteburuan Altuna III.a-Martija edo Irribarria-Rezusta bikoteetako batek galtzea nahikoa izango dute atzoko Gureako protagonistek finalerdietako ligaxkara zuzenean sartzeko. Bestela, final laurdenetara sailkatuko lirateke. Jakak eta Mariezkurrena II.ak, aldiz, agur esan diote txapelketari, fase erregularra azken postuan amaitu ondoren. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide