DBHko ikasleek oraindik ere badute Eskola Kirolean izena emateko aukera

Anartz Izagirre 2022ko ots. 17a, 09:26

DBHko Eskola Kiroleko gaztetxoak padelean. (Azkoitiko Udala)

Azaroan jarri zuten martxan egitasmoa, eta udalak jakinarazi du oraindik ere badagoela izena emateko aukera. Interesa duten gaztetxoek azkoitiagaztekp@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute.

Azkoitiko Udalak Eskola Kirolean izena emateko deia egin die Azkoitiko DBHko ikasleei. Azkoitiko eta Azpeitiko Kirol Kontseiluak —udalek eta eskolek osatzen dute— egitasmo berri bat jarri zuten martxan joan zen azaroan, 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei kirola egiteko aukera emateko; izan ere, orain arte 6 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek soilik zuten horretarako aukera, eta adin tarte hori zabaltzea erabaki dute orain, DBHko ikasleen artean "balioak sustatzeko" eta gazteak "kirol kulturan hezteko".

Jada osatuta dago talde txiki bat, eta DBHko ikasleek astean behin izaten dute Eskola Kirola; hain zuzen ere, ostegunetan izaten dira saio horiek, 19:15etik 20:30era. Udalak jakinarazi duenez oraindik ere badago izena emateko aukera, eta horretara animatu ditu herritarrak; interesa duten gaztetxoek azkoitiagaztekp@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute izena emateko.

Azarotik hona hainbat kirol probatu dituzte Eskola Kirolean, hala nola, boleibola, saskibaloia eta padela. Ahal den neurriak ikasleek beraiek adosten dute zein kirol egin nahi duten. Etzi, larunbata, boxeoan aritzeko irteera egingo dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide