Esku hutsik itzuli da Anaitasuna Tolosatik

Andoni Elduaien 2022ko ots. 17a, 08:55

Arabaolaza aurrelaria, Tolosan. (Anaitasuna)

Anaitasunaren mutilen talde nagusiak punturik batu ezinda jarraitzen du etxetik kanpo. Artetxeren taldeak 2 eta 0 galdu zuen atzo Tolosan. Igandean, San Ignacio izango dute aurkari Txerloian.

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailari zegokion 27. jardunaldiko neurketa jokatu zuen atzo, asteazkena, Tolosako (Gipuzkoa) Berazubi zelaian. Xabi Artetxek zuzentzen duten taldeak 2 eta 0 galdu zuen sailkapeneko beheko postuetan murgilduta dagoen Tolosaren aurka. 

Partidaren hasieran kostatu egin zitzaien Anaitasunako mutilei neurketara sartzea. 4. minutuan, egin zuen Tolosak bat eta hutsekoa. Etxekoek baloia ostu zieten azkoitiarrei, eta Mikel Ruiz atezainaren aurrera iritsita, ez zuten barkatu. Minutuek aurrera egin ahala sentsazioak hobetzen joan ziren Anaitasunako jokalariak. Hala eta guztiz ere, aukera gutxi sortu zituzten gorrixek. Ander Arabaolazak egindako jaurtiketan langa gainetik joan zen baloia, eta Xabi Soraluzeren jaurtiketan baloia zutoinaren ondotik joan zen. 

Bigarren zatira hobeto sartu zen Anaitasuna, eta segituan izan zituen lehen aukerak. Arabaolazak gauzatu ez zuen erremate baten aldaratzea jaso zuen Alex Rodriguezek, eta getariarraren errematean atezainak eskuetan jaso zuen baloia. Bigarren zatiko lehen ordu laurdena betetzear zela, Arabaolazak izan zuen berriz ere abagunea. Julen Aramendiren erdiraketara bikain iritsi zen taldeko golegilea, baina atzelari batek kornerrera urrundu zuen baloia.

Ordu laurdenaren faltan, ordea, inoiz baino gertuago izan zuen berdinketa Anaitasunak. Tolosaren area txikian aukera bana izan zuten Mikel Azkoitik, Arabaolazak eta Julen Aramendik, baina Tolosako atezaina erraldoi egin zen jokaldi horretan, baloia guztiak eten baitzituen. Handik gutxira, jokaldi ona osatu zuen Julen Aramendik, baina Mikel Aramendik egindako errematean ere atezainak jaso zuen baloia. Neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirenean, gainera, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen, eta tolosarrek ez zuten hutsik egin 11 metrotatik egindako jaurtiketan. Neurketaren arauzko denbora orduan amaitu ez bazen ere, etxekoek erabakita utzi zuten partida.

Asteburuan bere gotorlekuan jokatuko du Anaitasunak. Igandean, 17:00etan, San Ignacioren aurkako partida izango dute gorrixek Txerloia futbol zelaian. Anaitasunaren aurkari zuzenetako bat da Gasteizko taldea. Sailkapenaren erdialdean jarraituko du taldeak 39 punturekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide