Azkoitia-Azpeitia ISBk 79 eta 77 menderatu zuen CAB Estepona Jardin Costa Sol taldea atzo, asteartea, Azkoitiko kiroldegian. Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak denboraldiko bosgarren eskuratu zuen, eta hori horrela, jaitsiera postuak atzean utzi ditu oraingoz. Lehen laurdenean lortutako abantailari eusten asmatu zuen Lazkanoren taldeak. Zazpi puntuko errenta zuen ISBk (23-16) lehen laurdenaren amaieran, baina handik aurrera jokatu ziren hiru laurdenetan estu hartu zuen Malagako (Andaluzia, Espainia) saskibaloi taldeak Azkoitia-Azpeitia ISB.
Neurketa guztian aurretik izan zen Azkoitia-Azpeitia ISB, baina andaluziarrek errenta txikitzea lortu zuten, bereziki azken laurdenean. Jokoaren azken minutuan, esaterako, puntu bakar batera hurbildu zen Estepona, eta gogotik sufritu behar izan zuten Iraurgiko neskek garaipena bereganatzeko. Halere, norgehiagoka amaitzeko 43 segundo falta zirela, biko saskiratzea lortu zuen Juana Maria Molinak jabetzako azken segundoan. Saskiratze hari esker, arnasa sakonago hartu zuen ISBk.
Atzoko partidan, Molina nabarmendu zen beste guztien gainetik. Hark 27 puntu saskiratu zituen 39 puntuko balorazioa eskuratzeko. Anisha Briana George ere ondo aritu zen, hamasei puntu sartu eta 21 puntuko balorazioa eskuratuta. Datorren larunbatean, Oses Construccion Ardoi taldearen aurka jokatuko du ISBk Zizur Nagusian (Nafarroa).