Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta, Adolfo Madinabeitiaren Patagonizados filma eskaini zuten atzo, osteguna Floreagako On Bosco aretoan. Jende ugari elkartu zen aretoan eskalatzailearen ibilbidea gertutik ezagutzeko asmoz; izan ere, Madinabeitiak ibilbide oparoa du, eta munduko hainbat toki eta pareta ezagututakoa da. Era berean, film eta dokumental jaialdietan ere sariak irabazitakoa da Madinabeitia, esaterako, Torelloko film jaialdian.
63 urteko aguraindarra gogotsu eta natural aritu zen emanaldian. 2015etik 2020ra bitartean Patagoniara egindako hainbat bidaia jasotzen ditu Patagonizados filmak. Bizi izan dituen abentura ikaragarriak erakutsi ditu eskalatzaileak ikus-entzunezkoaren bitartez, hala nola Fitz Roy mendian, Saint Exuperin, Mochon. Madinabeitiak harrizko orroa deitzen dion Cerro Torre ikaragarri bezain liluragarrian bizitakoak gozatzeko aukera ere izan zuten ikusleek. Filmaren izenburuak dioen moduan, Patagoniak "harrapatu, irentsi, liluratu, sorgindu" egiten du.