Esne Beltza + Amak eta Neomak taldeen kontzertuak zein bakarrizketa saioa txertatu dituzte maiatzera arteko kultur ekintzetan

Andoni Elduaien 2022ko ots. 10a, 08:23

Neomak taldea Azkoitian izango da apirilaren 30ean. (Neomak)

Martxoaren 12an izango da Esne Beltza musika taldearen eta Amak laukotearen emanaldia. Apirilaren 9an, Nerea Garmendiaren eta Carmen Alcayderen bakarrizketa saioa izango da, eta apirilaren 30ean, Neomak taldearen kontzertua.

Azkoitiko Udaleko Kultura sailak apirilaren amaierara arteko kultur ekintzak egokitu egin ditu. Batetik, Esne Beltza taldearen eta Amak laukotearen ikuskizuna programatu dute, eta bestetik, Neomak taldearen kontzertua. Nerea Garmendiaren eta Carmen Alcayderen bakarrizketa saioak ere izango dira Azkoitian. Kultur ekintza horiek guztiak Baztartxo antzokian izango dira, 19:00etan. Emanaldi guztietarako sarrerak, ordea, aurrerago eskuratu ahalko dira Entradium atarian. 

Martxoaren 12an eskainiko dute Baztartxon Esne Beltza musika taldea eta Amak laukotea elkarrekin aurkezten ari diren ikuskizuna. Hasiera batean, egun horretan Txalo konpainiak Juntos antzezlana eskainiko zuela iragarri zuen Azkoitiko Udalak, baina azkenean ez da horrela izango. Esne Beltza taldeko Xabi Solanok reggae estilo abestiak eskainiko ditu Azkoitian. Amak laukoteko Maixa Lizarribarrek, Alaitz Telletxeak, Amaia Orejak eta Kris Solanok, ostera, kolore berriekin abestuko dituzte Esne Beltzaren abestiak.

Apirilaren 9an, berriz, Nerea Garmendia eta Carmen Alcayde izango dira protagonistak Baztartxo antzokian; bikoteak bakarrizketa saioa eskainiko du. Egun horretarako aurreikusi zuten hasiera batean Kantu Kolore taldearen Peru krokodiloa ikuskizuna, baina, azkenean, otsailaren 26an izango da haurrentzako emanaldia.

Maiatzaren 21ean, ostera, Neomak taldeak hartuko du Baztartxoko agertokia. Musika taldea zazpi emakumek osatzen dute, eta trikitiak eta panderoak lagunduta abesten dute. Gazteak zirela hasi ziren guztiak trikitixa munduan, baina azken urteetan Kepa Junkerarekin aritu dira Sorginak. Etenaldi baten ondoren, berriro jarri dute martxan proiektua, orain Neomak izenarekin. Trikitixa eta pandero desberdinak uztartuz, folk estiloko abesti propioak eskainiko dituzte Azkoitian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide