Euskal Herriko Itzuliak Azkoitiko lurrak zapalduko ditu aurten ere. Atzo, asteazkena, Hondarribian (Gipuzkoa) egin zuten lasterketaren aurkezpena, han izango baitu abiapuntua. Euskal Herriko Itzulia apirilaren 4an hasiko da, eta, sei etapa osatu ondoren, Arrateko gainean (Eibar, Gipuzkoa) amaituko da, apirilaren 9an. 900 kilometro inguruko ibilbidea osatu dute antolatzaileek.
Apirilaren 9an, larunbata, igaroko da tropela Azkoititik. Aurtengo Itzuliako etapa laburrena izango da egun horretakoa, baina, era berean, lasterketako etapa nagusia izendatu dute. 135,7 kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etapan, eta horietako hogei kilometro Azkoitiko lurretan egingo dituzte.
Azurkiko mendatetik (1. mailakoa) sartuko da lasterketa Azkoitira, eta Madariagatik zehar Azkarate gainera jaitsiko dira. Ondoren, Azkarateko mendatea Azkoitia aldera jaitsiko dute txirrindulariek. Baztarrikaldeko biribilgunera iritsiko da lasterketa segidan, eta saihesbidean Altzibarko biribilgunerako bidea hartuko du. Altzibarren, berriz, Urretxura doan bidea hartuko dute, baina ez dira hara joango; izan ere, txirrindulariek gainditu beharko duten hurrengo mendatea Gorlakoa (2. mailakoa) izango da. Elosua auzoko errepidea igo beharko du tropelak; han agurtuko du Euskal Herriko Itzuliak Azkoitia.