Diego Garciaren oroimenezko XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia martxoaren 26an, larunbata, egingo dute eta gaur ireki dute izen-emate epea. Antolatzaileek azaldu dutenez, 2020. eta 2021. urteetan izen-ematea gordetzea erabaki zutenek doan inskribatu ahal izango dute aurtengo proban. Gainontzekoek, hiru epealdi izango dituzte maratoi erdian zein zortzi kilometroko lasterketa motzean izena emateko.
Maratoi erdiari dagokionez, otsailaren 28ra bitartean 22 euro izango da izen-ematea federatuentzat, eta 25 euro ez federatuentzat; taldeek, berriz, %10eko beherapena izango dute, eta horretarako kontsultak@azkoitiaazpeitia.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute interesdunek. Epe horretatik martxoaren 17ra bitartean, berriz, 24 euro balioko du izen-emateak federatuentzat, eta 27 euro federatu gabekoentzat. Azkenik, martxoaren 17tik 24ra bitarteko inskripzioak 29 euroko balioa izango du federatuentzat, eta 32 federatu gabekoentzat. Bestalde, adierazi dute Gipuzkoako txapelketako parte-hartzaileek Gipuzkoako Atletismo Federazioaren bitartez eman beharko dutela izena.
Zortzi kilometroko lasterketa motzaren izen-emateak hamabost euroko balioa izango du martxoaren 17ra bitartean, eta taldeek %10eko beherapena izango dute; horretarako kontsultak@azkoitiaazpeitia.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute interesdunek. Martxoaren 17tik 24ra bitartean, berriz, 20 euro balioko du izen-emateak.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, bi probetako partaidetza murriztu egin dute. Maratoi erdian gehienez 600 pertsonak eman ahalko dute izena, eta lasterketa motzean, 300 pertsonak. Izen-emateak Rock The Sport webgunearen bitartez egin ahal izango dira.
Aupa Zu! leloa
Urtero bezala, lasterketa atletismoko erakunde ofizialen egutegian sartuta dagoela azaldu dute antolatzaileek, eta aurten, gainera, World Athletics erakundearen Label Road Races zigilua izango du maratoi erdiak; adierazi dutenez, Euskal Herrian aipamen hori duen proba bakarra da.
Aurtengo edizioak iazko lelo bera izango du: "Lerro hauen bidez, aurtengo leloak dioen bezala 'Aupa Zu!' oihua egin nahiko genuke, garai zail hauetan, egoera larriren bat bizitzen ari den orori animoak emanaz".
Bestalde, probaren bitartez Alejandro Gomez korrikalaria omendu nahi dute, joan zen urteko urtarrilaren 31n hil baitzen. Honako lotura honetan irakur daiteke Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaileek haren omenez idatzitako gutuna, eta beste honetan, Diego Garciari, Ione Basterrari eta Alejandro Gomezi joan zen apirilean egindako omenaldia.
Azken edizioa, birtuala
Koronabirusak eragindako pandemia tarteko, joan zen martxoan egitekoa ziren XXVIII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia birtualki egin behar izan zuten; Imanol Inza eta Nerea Azpiazu izan ziren proba horretako garaileak. 2020koa, berriz, bertan behera gelditu zen, osasun krisia aktibatu zutenean baitzegoen aurreikusita proba egitea.