Pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketa Azkoitira itzuliko da berriz ere

Andoni Elduaien 2022ko ots. 8a, 12:48

Danel Elezkano izango da protagonistetako bat. (Aspe)

Promozio eta lehen mailako pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketako partidak jokatuko dituzte hilaren 18an Gurea pilotalekuan, 22:00etan hasita. Txapelketak bigarren geldialdia egingo du Azkoitian; izan ere, azaroaren azken asteburuan ere eskuz binakako partidak jokatu zituzten herrian.

Otsailaren 18an, ostiralez, pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketako pilota partidak jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 22:00etan hasiko da jaialdia, eta Euskal Telebistak zuzenean eskainiko ditu eguneko bi pilota partidak; izan ere, promozio mailako nahiz lehen mailako pilota partida bana jokatuko dituzte herrian.

Promozio mailako partidan, batetik Zabala eta Oier Etxeberria arituko dira, eta bestetik, Zubizarreta III.a eta Eskiroz. Bi bikoteak lehen lau bikote onenen artean sailkatzeko egingo dute borroka Azkoitian. Lehen mailako partidan, berriz, Elezkano II.a eta Zabaleta egungo txapeldunak izango dira alde batean, eta Jaka eta Mariezkurrena II.a bestean. Iazko txapeldunak sailkapenaren goiko puntan daude; aldiz, txapelketan bizirik jarraitzea izango dute helburu Jakak eta Mariezkurrena II.ak.

Elezkano II.ak eta Zabaletak osatutako bikotea Azkoitira itzuliko da berriz; izan ere, azaroaren 28an jokatu zuten eskuz binakako txapelketako jaialdia Azkoitian, eta orduan ere Gurean aritu zen bikotea. Garaipena lortu zuten Irribarria eta Rezustaren aurka. Otsailaren 18ko jaialdirako sarrerak ez dituzte oraindik saltzen jarri.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide