Ansorregi eta Oroz, Urrezko LEB ligaren jardunaldiko onenen artean

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 8a, 08:23

Manex Ansorregi. (Baloncesto EspaƱa)

Iraurgiko hegalekoa 20. jardunaldiko saskiratzaile onena izan da, Lleidaren kantxan egindako 22 puntuei esker. Acunsa GBC-ko eskolta, bere aldetik, asistentzia gehien eman dituen jokalaria izan da, zortzirekin.

Urrezko LEB ligan ari diren bi azkoitiarrak, Manex Ansorregi eta Xabi Oroz, Espainiako saskibaloiko bigarren maila horretako 20. jardunaldiko jokalari onenen artean egon dira.

Ansorregik 22 puntu egin zituen Juaristi ISBk Lleidan lortutako garaipenean, eta joan den asteburuko saskiratzaile onena izan zen hegaleko azkoitiarra; jardunaldiko bostekoan ere sartu dute Ansorregi. Acunsa Gipuzkoa Basketek ere irabazi egin zion Valladolidi Donostian; Orozek zortzi asistentzia eman zituen neurketa horretan, eta jokoaren arlo horretan berea izan zen kopururik onena azken jardunaldian.

Igandean, derbia

Bi jokalari azkoitiarrak aurrez aurre ariko dira datorren igandean Illunben. Urtarrilaren 8an jokatzekoak ziren eta COVID-19ren eraginez atzeratu behar izan zuten gipuzkoarren arteko derbia jokatuko dute 12:00etatik aurrera.

Urrezko LEB Ligaren hamabosgarren jardunaldiari zegokion neurketa da Iraurgikoek eta Donostiako taldeak jokatuko dutena. Sailkapenean bosgarrena da uneotan Acunsa GBC, hamar garaipenekin. Juaristi ISB, berriz, hamabosgarrena da, zazpi garaipenekin eta donostiarrek baino partida bat gutxiago jokatuta; hemezortzi neurketa jokatu dituzte orain arte donostiarrek, eta hamazazpi urolatarrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide