Osakidetzan bi greba egunetara deitu dute sindikatuek

Onintza Lete Arrieta 2022ko ots. 7a, 14:26

Otsailaren 25ean lehen arretan egingo dute protesta, eta otsailaren 28an, berriz, Osakidetza osoan. Manifestazioak ere iragarri dituzte hilaren 26rako, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek protestak iragarri dituzte Osakidetzan otsail amairerarako. Batetik, bi greba egun egingo dituzte: otsailaren 25ean izango da aurrenekoa, lehen arretan, hau da, anbulatorioetan; bigarrena, otsailaren 28an, Osakidetza osoan.

Bestetik, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, otsailaren 26an, larunbatarekin. 12:00etan hasiko dira mobilizazioak.

Sindikatuek Bilbon egin dute prentsaurrekoa gaur, eta esan dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren "immobilismoa" dela eta joko dutela berriz ere protestetara. Izan ere, urtarrilaren 23an ere manifestazioak egin zituzten hainbat hiriburutan. Sindikatuetako ordezkarien arabera, "mobilizazio jendetsu haien ondoren, Jaurlaritzak ez du irtenbide bakar bat ere planteatu". Alderantziz, "murrizketa gehiago" egin ditu; esaterako, Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdiak itxi dituztela azpimarratu dute.

Mobilizazioak deitzeaz gain, mahai sektorialean parte ez hartzea erabaki dute bost sindikatu horiek, "Osasun Sailak edukiz hustu duelako mahaia".

Gaurko agerraldian txalotu egin dute herritarrek orain arteko mobilizazioetan emandako erantzuna, eta hilaren 26ko manifestazioetan parte hartzera deitu dituzte, "osasun publiko, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta irisgarria defendatzeko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide