Azkoitiko Udalak ez du erabaki oraindik karnabalak ospatu edo ez. Erakundeak Maxixatzen.eus-i adierazi dionaren arabera, datorren asteazkenean, otsailak 9, Aisialdi batzordea egingo du erakundeak, eta mahai gainean karnabalak izango dituzte hizpide. Batzarrean erabakiko dute inauterietarako ekintzak antolatu edo ez.
Izatez, otsailaren 25ean eta 26an ospatuko dira karnabalak Azkoitian, baina ikusteke dago Eusko Jaurlaritzak otsailaren 13ra arte indarrean dituen neurri murriztaileak bertan behera utziko dituen edo ez. Horren baitan, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariak asteazkeneko 18:00etan bilduko dira udaletxean, karnabalak egin edo ez erabakitzeko.
Umeen desfilerik ez
Karnabaletan egingo ez dena herriko ikastetxeetako haurren mozorro desfilea da. Karnabaletako ostiral arratsaldean desfilea egin ohi dute herriko ikastetxeetako kideek musikak eta txarangak lagunduta, baina aurten desfilea ez egitea erabaki dute alde guztiek, ikastetxeetako burbuilak errespetatzeko. Hala eta guztiz ere, udalak jakinarazi du plazan banatu ohi duten merienda ikastetxeetan bertan banatuko dutela.