Gure Eskuk zuzendaritza batzordea berrituko du asteazkeneko batzarrean

Julene Frantzesena 2022ko ots. 6a, 08:23

Gure Eskuko kideak plazan jarritako postuko irudia.

Gaur egungo zuzendaritzak sei urte daramatza karguan, eta "erreleboaren ordua" iritsi dela adierazi du. Bilera Elkargunean izango da, 19:00etan hasita.

Azkoitiko Gure Eskuk batzar orokorra egingo du asteazkenean, otsailaren 9an. Elkargunean izango da bilkura, 19:00etan hasita, eta zuzendaritza aldaketa gauzatzea da taldearen helburua. Gaur egungo zuzendaritzak sei urte daramatza karguan, eta "erreleboaren ordua" iritsi dela adierazi du. "Egoera pertsonalek behartuta, gaur egungo zuzendaritzako hiru kideok karguak utzi beharrean aurkitzen gara".

Zuzendaritzako kideek azaldu dutenez, urteotako ibilbidea "ederra" izan da, eta gogorarazi dute hainbat ekitaldi jendetsu antolatu dituztela, hala nola Azkoitian 2017ko maiatzaren 7an egin zen herri galdeketa. Orain ere erronkak badatozela adierazi dute horiek –Pirinioetako Bidea tartean–, lekukoa beste herritar batzuei emateko unea dela jakinarazita.

Zuzendaritza berria osatzen duten herritarrei laguntzeko prest agertu dira gaur-gaurkoz karguan diren lagunak. "Horretarako prest gaude, barruko lanetan aholkuak emanez –zuzendaritza berria inskribatzen, diru kontuak ematen eta abar–, osatuta dagoen lantaldearen babesa ziurtatuz".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide