Ekiteko garaia da

Nerea Uranga 2022ko mar. 12a, 10:15

Nerea Urangak otsaileko Maxixatzen aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Ekiteko garaia da'.

Zain geunden, bai horixe! Baina egoten egon gabe, ekiteko garaia da orain. Amurriotik (Araba) abiatuko da 22. Korrika, martxoaren 31n, ostegunez, eta Donostian amaituko, apirilaren 10ean, igandez. 11 egunetan, 2.180 kilometroko ibilbidea egingo du euskararen aldeko lekukoak Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena. Azkoititik bederatzigarren egunean, apirilaren 8an, ostiralez, igaroko da; antolatzaileek egindako aurreikuspenaren arabera, Azkoitira eguerdiko ordubiak aldean iritsiko da Azpeititik, eta herrian barrena lekukoa eskuz esku ibili ondoren, Urretxurako bidea hartuko du. Ostirala eta eguerdiz, asteko egun eta ordu ederrak euskararen aldeko aldarriaren festara batzeko.

HitzEkin lelopean egingo da 22. Korrika, hizkuntza bat hitzek osatzen duten arren, hizkuntza baten komunitatea ekintzek eraikitzen dutelako. Alegia, euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea delako, AEK-ren arabera.

Bada, norbanako bakoitzak euskararen alde gure alea jartzen jarraitzeko edota hasteko momentua ere iritsi zaigu: egunerokoan euskaraz hitz eginez, lan eginez ala ikasiz, euskaraz biziz! Euskaraz badakigula, haren alde gaudela edota maite dugula esatearekin bakarrik ez da nahikoa; euskaraz egin egin behar dugu, hitz eginez, hitz eginaraziz, jardunez edota jardunaraziz.

22. Korrika aurrera ateratzen, antolatzen eta hauspotzen ere herritarrok izango dugu zeregina, hala nola Korrikaren aldeko herriko batzordean parte hartuz, materiala erosiz edota parte hartzen dugun taldearen, eragilearen, enpresaren, kuadrillaren... izenean Korrikako kilometroak erosiz. Azkoitiko AEK-k hil honen lehen egunetik du zabalik Korrikako kilometroak erreserbatzeko aukera.

Beraz, atzera kontaketa hasi da, eta hasi beharko dugu era batera edo bestera prestatzen. Urte berria hasi zenetik egunak, asteak, igaro dira, eta urtea estreinatzerako geure buruari promesarik eta erronkarik jarri ez genionok bakarren bati heltzeko ere garaiz gaude oraindik. Nik, behintzat, Korrikarako hasi beharko dut entrenatzen, sasoiko jartzen. Pentsatzen jarrita aurreko zenbat ediziotan gelditu naizen mingaina luze eta Korrikari ezin segituta... Esaterako, urte batean Azkaraten gora lekukoa eramatea egokitu zitzaidanean. Hori da hori aldapa! Beno, aurtengoan behintzat malda hori ez da egin beharko...

Korrikan kilometro bat, erdia edota metro batzuk eginda ere, egunerokoan euskaraz lan eginez eta bizitzen jarraitzea nahi dut; euskara arnas izan nahi dudalako. Beraz, HitzEkin diezaiogun herri euskaldun baten alde!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide