Santa Ageda bezpera da bihar, eta ohi bezala, herriko ikastetxeetan gogoan izango dute eguna. Egungo egoera tarteko, ordea, ikastetxe batzuk eskola barruan egingo dute ospakizuna, hala nola Xabier Munibe Ikastolan eta Azkoitia BHIn. Floreaga Ikastetxeko ikasleak, ordea, eskolatik kanpo egingo dute santa eskea.
Floreagako ikasleak kalerik kale ibiliko dira koplatan eta bertsotan. 10:30 inguruan aterako dira kalera ikastetxeko DBH4ko ikasleak. Bi taldetan banatuta ariko dira ikasleak, eta ohi bezala alkateari, erretoreari edota herriko dendariei abestuko dizkiete koplak. Hain zuzen ere, 12:30 inguruan iritsiko dira Floreagako ikasleak Kontzejupera, han alkateari abestuko baitizkiote zenbait kopla.
Azkoitia BHIk eta Xabier Munibe Ikastolak ere ospatuko dute eguna, baina horiek ekitaldi itxiak egingo dituzte. Azkoitia BHI ikastetxeko DBH2ko ikasleek Batxilergoko eraikinean kantatuko dituzte azken egunetan prestatu dituzten koplak. Goiko eraikinean aritu ondoren, DBHko eraikinera jaitsiko dira segidan, eta han ere koplatan arituko dira. Batxilergoa ikasten ari diren trikitilariak izango dituzte bidelagun DBH2ko ikasleek, baita Naia Arrizabalaga bertsolaria ere, hark ere prestatu baititu zenbait kopla. Xabier Munibe Ikastolan, bestalde, eskola barruko ekintza itxia egingo dute arratsaldean.