Sabino Arana fundazioak Sabino Arana sariak banatu ditu gaur, igandea, Bilboko Arriaga antzokian egin duen ekitaldian. "Gizartearen zerbitzuan aritzeko prestutasun eta ahalegin bikainagatik nabarmentzen diren pertsona ospetsu, erakunde edo gizataldea" aitortu ditu fundazioak 33. urtez, eta aurten, Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen dituen Aita Mari ontziari eman diote sarietako bat, "giza eskubideen aldeko elkartasun borroka nekaezin eta etengabeagatik". Hain zuzen ere, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko kide Nerea Machado Azkoitiko bizilagunak jaso du oroigarria, Aita Mariren izenean.
Machadok bere hitzartzean zera nabarmendu du: "Oso argi dugu Mediterraneoan gertatzen dena ez zela jakingo bertan ontzi zibilak ez balira egongo. Zein albiste ona litzatekeen, Aita Mari ez dela behar jakitea. Horrek, arazoa, jatorrian konpondu dela adieraziko bailuke". 2018an jarri zuten abian Aita Mari ontziaren proiektua, eta ordutik 538 pertsona erreskatatu ditu ontziak: "Gu ez gaude bertan salbatzaile moduan; salaketa hori egiteko gaude, gertatzen dena ez dadin isilpean pasa", gaineratu du ISHko kideak.
Aita Mari ontziak ez ezik, Basque Culinary Centerrek, Luis Ugaldek, Amaiur Gaztelu elkarteak, Luis Mari Bengoak eta CD Bidasoak jaso dituzte aurtengo Sabino Arana sariak.
Joan zen azaroan Gipuzkoako Hitza egunkariak elkarrizketa egin zion Machadori.