Azkoitiko Udalak aho batez erabaki du Idiakez Ederra etxea —Nagusia 80— besterentzea eta lizitazioari hasiera ematea. Halaxe onartu zuen udalbatzak atzo, asteazkena, urtarrileko osoko bilkuran. Behin erabaki hori hartuta, datozen egunetan aterako da salmenta lizitaziora, eta interesa duten enpresek 30 egun izango dituzte aurkezteko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAOn) argitaratu osteko egunetik hasita. Bertan, hamasei etxebizitza libre eraiki ahal izango dira, eta lursaila saltzeko lizitazioaren hasierako prezioa 41.076 eurokoa izango da. Ildo horretatik, erakundeak nabarmendu du "eraikinak dituen kargak" ere kontuan hartu beharko direla balorazioa egiterakoan; izan ere, udalak egin dituen azterketa teknikoen arabera, eraikitzearen kostu zuzena hiru milioi euro ingurukoa da estimazioen arabera.
Azkoitiko eraikin enblematikoa da Idiakez Ederra etxea, Kultur Ondasun moduan izendatuta baitago, eta horrek, udalaren arabera, edozein birgaitze prozesuren bideragarritasuna zaildu egiten du lanek duten kostuagatik. Hori dela eta, udalak hainbat oztopo izan ditu azken urteetan eraikin horri aterabide bat topatzeko. Hain zuzen ere, 2020ko martxoan, Visesak lizitaziora atera zituen obrak babestutako etxebizitzak egiteko. Halere, uztailean sozietateak hitzarmena bertan behera utzi zuen, eta udalak hutsetik hasi behar izan zuen Nagusia 80 eraikinaren proiektua. Testuinguru horretan, udalak ekimen pribatuari "aukera ematea" erabaki du, bertan etxebizitza libreak eraiki ahal izan daitezen.
Eraikinaren nolakotasuna dela eta, hainbat baldintza bete beharko dituzte enpresa interesdunek. Alde batetik, udalak adierazi duenez, eraikinaren eroslea derrigortuta egongo da "babestutako elementuak birgaitzera eta balioan jartzera", eta Jesusen Bihotza plazara zein Kale Nagusira ematen duen eraikinaren aldea zaharberritzea bermatu beharko dute, beste hainbat baldintzen artean; horrez gain, erakundeei dirulaguntzak eskatzeko betebeharra ere izango dute. Eta, bestetik, eraikina erosten duen enpresak beheko lokala udalari saldu beharko dio, 520.047 eurotan; udalak nabarmendu duenez diru kopuru hori jaitsi egingo da esleipendunak erakundeen dirulaguntza jasotzen duenean. Erakundeak Jubilatuen Etxea Idiakez Ederra eraikinaren beheko lokalera lekualdatu nahi du, "irisgarritasunagatik" eta gunea "erdi-erdian" dagoelako.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero ateratzen dute dirulaguntzen deialdia babestu beharreko ondasunak birgaitzeko. Idiakez Ederra etxearen erosleak deialdi horietara aurkeztu beharko du proiektua, baldintzetan jasota dagoen moduan. Laguntza jasotzen badu, lokal horren prezioa jaitsi egingo da.
"Alternatiba bakarra"
Atzoko udalbatzarrean Udal Gobernua "pozik" agertu zen eraikina besterentzeko eta salmenta lizitaziora ateratzeko erabakia aho batez onartu zelako, eta Javier Zubizarreta alkateak nabarmendu zuenez, hori da epe laburrenean Idiakez Ederra berreskuratzeko dagoen "alternatiba bakarra". Hala esan zuen: "Udalak ezin du interes ekonomikorik eduki honetan, irabazirik ezin duelako egon tartean. Konformatzen naiz Nagusia 80 behin behingoz eraberrituta ikustearekin, herritarrak bezalaxe. Sekulako lana egin dugu hori horrela izan dadin". 2015ean erabaki zuen orduko Udal Gobernuak Idiakez Ederrako aldamioak erostea alokairuaren hileroko gastua saihesteko; "badirudi azken kapitulura iristen ari garela", nabarmendu zuen atzo alkateak. Eraikinari aterabidea topatzeko "bigarren saiakera" dela ere azaldu zuen hark, eta ez duela "txalorik joko" garabia etxe horretan sartzen ikusi arte.
Oposizioan, zalantzak
Udalbatzak puntu hori aho batez onartu bazuen ere, zalantzak eta kezkak mahaigaineratu zituzten Azkoitia Bai eta EH Bildu alderdietako bozeramaileek. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko ordezkaria izan zen hitza hartzen lehena, eta hark adierazi zuenez, aldamioak "ondare bihurtzeko bidean" doaz: "Ez dago eskubiderik horrelako izen potoloen azpian, herriaren bihotzean, hainbeste denboran eraikin bat horrela mantentzeko. Orain dela pare bat urte bazirudien gure gainetik dauden instituzioek, halako batean, irtenbide bat ematea erabaki zutela eta Visesaren bitartez babestutako etxebizitzak egingo zituztela. Baina ez, garestiegia ateratzen omen zitzaien, eta berriro ere pilota gure teilatura bueltatu ziguten". Etxaniz "haserre" agertu zen instituzioekin: "Monumentu historiko kulturalen legeak betearaztera derrigortzen gaituzte, baina irtenbide bat eman behar zaionean, beste aldera begiratzen dute". Honako lotura honetan irakur daitezke Azkoitia Baik atzoko puntuen harira esandakoak.
Bestalde, EH Bilduko Iraitz Otaño bozeramaileak adierazi zuen "pena" ematen ziela Idiakez Ederra eraikinak amaiera hori izateak: "Hamarkadetan luzatzen ari den gai bat da hau, konplikatua, hiruzpalau legealditatik pasatu dena, eta pena ematen digu gai honen bukaera hau izatea. Guretzat ez zen soluziorik egokiena, beste behin ikusi baita arazo pribatu baten diru publikoa inbertitzen dela arazoa konpontzeko, eta hori konpondutakoan, berriro ere, esku pribatuetan gelditzen dela". Areago ere mintzatu zen Otaño: "Espero dugu pelotazo urbanistikorik ez dela gertatuko, eta horren gainean egongo gara".