COVID ziurtagiria salatzeko elkarretaratzea egingo dute bigarrenez Azkoitian. Bizitza plataformaren parte den Azkoitia Aktiboa taldeak deitu du protesta datorren larunbaterako, eta 19:30ean elkartuko dira herriko plazan. Protestaren harira, zera adierazi dute antolatzaileek: "COVID ziurtagiriaren ondorioz jasaten ari garen diskriminazioa eta eliteek ziurtagiriaren atzean dituzten planen ondorioz datorkigun arazo larriarren aurrean, planto egiteko unea da". Hori dela eta, herritarrak gonbidatu dituzte elkarretaratzean parte hartzera.
Urtarrilaren 7an herrian beste elkarretaratze bat egin zuten ehundik gora lagunek helburu berarekin, eta orduan salatu zutenez, ziurtagiriak "modu krudel eta basatian" urratzen ditu herritarren oinarrizko eskubideak.