Baso berria eta urmaela egingo dituzte Munoaundin, Eskolako Agenda 2030 programaren barruan

Anartz Izagirre 2022ko urt. 21a, 10:52

Udalak Munoaundin duen lursail bat azkoitiarren esku utzi du; zati horietako bat Urola Bizirik elkarteak kudeatuko du, eta, bestea, Eskolako Agenda 2030eko ikasleek. Udalak dagoeneko egin du urmaelaren zuloa, eta hilaren 26an ikasleek zulo hori putzu bihurtzeko lanak egingo dituzte, ondoren urez betetzeko.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, Munoaundin baso berria eta urmaela izango dira hemendik aurrera. Azken urteetan "ikasleek egindako eskaerei erantzunez", erakundeak Munoaundiko lursail bat Urola Bizirik taldearen esku utzi du, eta beste zati bat Eskolako Agenda 2030ekoen esku; beraz, eremu horretan zeuden pinuak atera ondoren, bi zatitan banatu dute eremua talde banarentzat. Eskolako Agenda 2030 programako ikastaldeak dagoeneko zuhaitzez osatutako basoa sortzeko urratsak ematen hasi dira.

Udalak nabarmendu duenez, aurrez lanketa bat egingo dute bertan zer landatu jakiteko: "Ezinbestekoa da aurrez lanketa bat egitea, landatu beharreko zuhaitz eta zuhaixka horiek zeintzuk izan daitezkeen jakiteko: haritz, pago, lizar, astigar, urki, gaztainondo, gorosti, hurritz... eta abar luze batek lekua izango dute erabilera didaktikoa izatea helburu duen eremu horretan". Bestalde, nabarmendu dute ikasleek zuhaitzen antolaketan, basoaren diseinuan eta landaketan parte hartuko dutela.

Basoaz gain, urmaela egiteko lanak ere aurrera doaz, Aranzadiko Herpetologia Saileko adituen gidaritzapean. "Gure inguruko anfibio eta narrasti ugari mehatxatutako espezieak dira. Urmael artifizialak eraikiz, horien aterpea, elikadura, ugalketa eta orokorrean beraien bizi zikloa egiteko beharrezko ur guneak dituzte. Anfibioez eta narrastiez gain, ur gune hori garrantzi handikoa izango da gainerako faunarentzat ere, eta horien artean, odonatoek (burruntziak eta sorgin-orratzak) eta saguzarrek nabarituko dituzte onurak", azaldu du erakundeak.

Bestalde, azaldu dute Munoaundiko urmaela Euskal Herriko Eskoletako Urmael Sarearen barruan egongo dela. "Basoarekin batera, ikastetxeek didaktikoki erabiltzeko gune garrantzitsua bihurtuko da Munoaundi", gaineratu dute.

Lanak martxan dira

Munoaundiko lursaila dagoeneko prest dago basoa eta urmaela egiteko, eta dagoeneko hasi dituzte zeregin horretarako lanak.  Joan den asteartean, hilak 18, putzua izango denaren zuloa egin zuen udalak. Datorren urtarrilaren 26an, berriz, Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, zuloa urmael bihurtzeko lanak egingo dituzte Eskolako Agenda 2030 osatzen duten Azkoitiko ikastetxeetako ordezkariek. Eta, ondoren, udalak jakinarazi du "modu naturalean" beteko dutela putzua animaliak hara joan daitezen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide