Sakagailua daramaten kaleko iturriak itxiko ditu udalak, izozteak hondatu ez ditzan

Andoni Elduaien 2022ko urt. 20a, 14:25

Aizkibel liburutegiaren aurreko iturria.

Joan den asteburuan, hiru iturri lehertu zirela nabarmendu du udalak. Bizikleta garbigunea ere itxita egongo da, "tenperaturak igo" eta "eguraldi txarra baretu" artean.

Sakagailuarekin ibiltzen diren kaleko iturriak itxiko ditu Azkoitiko Udalak denboraldi batez. Datozen egunetarako izozteak iragarri dituzte, eta hondatu ez daitezen, itxi egingo dituzte era horretan funtzionatzen duten iturriak.

Udalak azaldu duenez, iturrien barruko malgukia izozten bada, mekanismoak funtzionatzeari uzten dio eta matxuratu egiten da. Erakundeak jakinarazi du, gainera, joan den asteburuan izotzagatik hiru iturri lehertu zirela. Eguraldi txarra baretu eta tenperaturak igotzen hasten diren bitartean, beraz, iturriak itxita egongo dira.

Udalak gogorarazi du, hartu duten neurriak ez duela eraginik izango sakagailurik ez duten herriko iturrietan. Orain arte moduan, normal jarraituko dute ura ematen, besteak beste herriko plazako iturriak eta Barriketako iturriak.

Bizikleta garbigunea, itxita

Bizikleta garbigunea ere itxita egongo da gainerako iturrien moduan. Izan ere, garbiguneko hoditeriak ere hondatu egin dira izotzaren eraginez. Egoera hobetu arte, Aizkibel liburutegiaren alboko bizikleta garbigunea ez da erabilgarri egongo.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide