Herritarrek, eta batez ere adineko pertsonek, jarduera fisikoa egin dezaten, martxan jarraitzen du Pasira egitasmoak. Ostegunean egingo dute Pasiraren urteko lehenengo ibilaldia, eta irteeraren atarian, azkoitiarrak hara animatu daitezen agerraldia egin dute gaur, asteartea, proiektuaren sustatzaile diren Azkoitiko Udaleko, Kirol Orientazio Zerbitzuko, Izarraitz Lanbide Heziketako, Plaza Ondo jubilatuen elkarteko, Azkoitia Lagunkoiako, Caritaseko, Gurutze Gorriko eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko ordezkariek.
Sonia Vazquez zinegotziaren hitzetan, egitasmoaren helburuak dira adineko pertsonek jarduera fisikoa egitea eta beren artean sozializatzea. Han parte hartzen dutenak astean behin elkartzen dira, ostegunetan, eta ibilaldia egiten dute herrian zehar, "oinez egiteko eta une atsegin bat" igarotzeko asmoz. 10:00etan elkartzen dira Aizkibel liburutegiaren ondoan, eta partaideek honako bi ibilbide hauek izaten dituzte aukeran: bata motza da, eta horiek Juin kalea zeharkatu eta beilatoki parera iristen dira. Handik Trenbidearen Zumardira jotzen dute, eta ondoren Intsaustira joaten dira, gero liburutegian ibilbidea amaitzeko; ibilaldi luzea egitea aukeratzen dutenek, berriz, liburutegitik Juin kalea zeharkatu eta estali gabeko igerilekuetara joaten dira. Ondoren, plazarako bidea hartzen dute, eta handik liburutegira joaten dira txangoa amaitzeko. Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden Pertsonen Arreta zikloko ikasleek lagunduta egiten dute ibilbidea partaideek. Hain zuzen ere, Izarraitz Lanbide Heziketako ordezkari Iñigo Azkuek adierazi du egitasmoak ikasleei aukera ematen diela haiek ikasitakoa "praktikara eramateko" eta gerora lan egingo duten pertsonekin harremana egiteko. "Zikloa egiten ari diren gure ikasleek askoz gehiago eta hobeto ikasten dute herrian lan eginez gurekin gelan baino", gaineratu du Azkuek.
Osasun Saileko ordezkari Maite Merinok ere hartu du hitza agerraldian, eta hark eskerrak eman dizkie egitasmoaren antolatzaileei, egiten ari diren lanarengatik. Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioaren zuzendariordetzak Tipi Tapa jarri zuen martxan 2011. urtean, eta ordutik egitasmoa herriz herri sustatzen aritu direla azaldu du Merinok; haren arabera, egun, Gipuzkoako 33 herritan dago martxan gisa horretako egitasmo bat. Osasun Saileko ordezkariak azpimarratu duenez, gainera, herritarrek "oso positiboki" baloratu dute egitasmoa, fisikoki zein psikologikoki "onura asko" eragin dizkielako: "Fisikoki, gorputza mugitzen dute eta giharrak aktibo mantentzen dituzte, eta psikologikoki, berriz, etxetik ateratzen dira eta beren artean harreman berriak sortzen dituzte".
Urtebetez, "indarra hartzen"
Joan zen urteko apirilean jarri zituzten martxan Azkoitian herritarrentzako ibilbide osasungarriak, Tipi Tapa izenpean. Esperientzia pilotu moduan abiatu zuten egitasmoa, eta "eragileen laguntzari esker" forma ematen aritu direla azaldu du Vazquezek. Era berean, azpimarratu du "indarra hartu" duela egitasmoak, baina antolatzaileen nahia da ahalik eta adineko gehienengana iristea, eta beraz, eragileek interesa duten guztiak animatu dituzte ibilaldietan parte hartzera, edo gutxienez, proba egitera.