Hego Euskal Herriko erakundeek ezohiko diru ekarpena jasoko dute pandemiak aurrekontuetan eragindako kalteei aurre egiteko. Espainiako Estatuak eratutako COVID funtsetik eratorritako ekarpen horiek lurralde historikoen artean proportzionalki banatzea erabaki zuen Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den abenduaren 28an, eta banaketa horren arabera, 188 milioi euro ziren, guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean banatu beharrekoak, eta 62,9 milio eskuratu ditu Gipuzkoak.
Joan den astean, kopuru horren %40, 21,5 milio euro, lurraldeko udalerrien artean banatzea erabaki zuela jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Banaketa hori ere modu proportzionalean egin du aldundiak, udalak finantzatzeko foru funtsa (UFFF) banatzeko erabiltzen dituen irizpideak jarraituz. Horrenbestez, Azkoitiko Udalak COVID funtsetik eratorritako 393.754 euro jasoko ditu.
Osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak bezalako "oinarrizko zerbitzu publikoak" indartzeko ez ezik, "beste eskumen batzuk baliatzeko ere" erabili ahalko dute udalek COVID funtsaren ekarpena, aldundiak azaldu duenez. "Laguntza guztiak datorzkigu ondo. Ondo aztertu, eta erabilpen egokia emango diegu, herritarren mesedetan", adierazi du udalak dirulaguntza berria dela eta.