229 kasu positibo gehiago, Azkoitian

IƱigo Gaiton 2022ko urt. 13a, 14:59

Konfinamendu garaiko irudi bat. (Alex Berasategi)

Intzidentzia tasak behera egin du aspaldiko partez. Hala eta guztiz ere, 200 kasu positibo baino gehiago hauteman ditu Osasun Sailak herrian. Eskualdean, ostera, milako langaren gainetik jarraitzen dute positiboek.

Koronabirusak bizi-bizi hedatzen jarraitzen du Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak gaur plazaratu duen txostenaren arabera, Azkoitian 229 kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak astelehenetik atzo, asteazkena, bitartean egindako probetan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak goia jo duela dirudi; izan ere, 67 puntu jaitsi da –9.229,74koa da egun– astelehenaz geroztik.

Eskualdean, berriz, 1.180 kasu detektatu dituzte azken hiru egunetan. Zarautz izan da positibo gehien atzeman duten herria. 385 kasu izan dira guztira, eta hango intzidentzia tasa 6.596,14koa da gaur gaurkoz. Azpeitian (8.173,46) 215 kasu detektatu dituzte, 132 kasu Zumaian (7.743,97), eta 111 kasu Orion (6.099,15). Ehun positibo baino gutxiagoko langatik behera daude Getaria, 48 positiborekin (8.445,23), Aia, 40 positiborekin (6.952,14), Aizarnazabal, 11 positiborekin (4.941,48), Beizama lau positiborekin (5.645,16) eta Errezil bost positiborekin (5.475,04).

Osakidetzak aste honetan jakinarazi duenez, positibo baten kontaktu zuzen batzuek soilik egin beharko dute koronabirusaz kutsatuta al dauden jakiteko proba. Protokoloa aldatu ondoren, zaurgarriak diren kontaktu estuei bakarrik egingo dizkietete COVID-19a atzemateko probak. Pertsona zaurgarritzat hartuko dituzte 70 urtetik gorako herritarrak, haurdun dauden emakumeak, immunoeskasia duten pertsonak, txertatu gabekoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak. 

RO indizea, batetik behera

Osasun Sailaren gaurko txostenak albiste onen bat utzi badu, hori RO indizearen datuan nabaritu daiteke. Hiru hilabetez puntu batetik gora egon da indizea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur 0,92koa da. Hego Euskal Herriko datuei dagokionez, 12.058 kasu positibo detektatu zituzten atzo egindako probetan. Araban 1.556 kasu baieztatu zituzten, 4.590 Bizkaian, 3.238 Gipuzkoan eta 2.674 Nafarroan.

Osakidetzaren mendeko erietxeetan 96 lagun ospitalereatu zituzten atzo koronabirusak jota, eta guztira, 807 paziente daude erietxeetan, horietatik 136 ZIUetan. Nafarroan, berriz, ospitaleetan 266 gaixo daude COVID-19arekin, horietatik 36 ZIUetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide