Odol emaileen beharrean daude

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 13a, 09:34

COVID-19arekin kutsatzea ez da oztopoa odola emateko.

COVID-19a eta beste zenbait faktore tarteko, gutxitu egin da odola ematen dutenen kopurua, eta erreserbak minimoetan dira. Pandemia bukatu aurretik berreskuratu nahi dute galdutakoa.

Esparru ugari astindu ditu pandemiak, zer esanik ez osasungintza. Odol ateraketak ere goitik behera berrantolatu behar izan dituzte, odola emateko segurtasun neurriak, edukiera eta langileen bajak tarteko.

Odol erreserbak "minimoetan" daude, Sabin Urzelai Gipuzkoako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Fundazioko arduradunaren hitzetan. Azken bi urteotan odol ateraketak egitea zaildu zaiela azaldu du: "Lehen 90-100 odol emaile inguru genituen deialdiro Zumaian, Azkoitian, Deban, Azpeitian… COVID-19a dela eta, edukierak jaitsi behar izan ditugu, eta erreserbek ere behera egin dute gutxinaka, egoera honetara iristeraino". Zumaian, esaterako, % 20 jaitsi dira odol ateraldiak pandemia hasi zenetik.

Urzelaik dio halako kasuetan jende askori egiten diotela odola emateko deialdia, baina oraingoan ezin izan dute: "COVID19agatik bajan daude langile batzuk, eta, beraz, ezin dugu deialdi masiborik egin, ezin baitiegu odol emaileei arreta ona eman. Gainontzean, jendeak beti erantzuten du".

Edukierak jaisteaz gain, aldatu egin da odola emateko prozedura. Orain, besteak beste, aurrez hitzordua eskatu behar da, ez dituzte odola eman ondorengo mokadutxoak eskaintzen, eta esku-oheak desinfektatu egiten dituzte ateraldi bakoitzaren ondoren. "Horrek moteldu egin ditu dohaintzak, eta gainera, emaileen arteko giroa hoztu du. Dena den, aldaketa guztiak onartu dituzte emaileek, aurretiko hitzordua, esaterako", dio Urzelaik.

Gainera, Gabonen buelta garai txarra da odola emateko, "familiarekin egoteko" baliatzen baitituzte oporrak odol emaileek. Aurten, gainera, "COVID-19aren tsunamia" batu da, eta "kaotikoa" izaten ari da beren lana.

Amaieraren zain egon gabe

Pandemiari eta haren ondorioz hartu beharreko neurriei egozten diete, batik bat, ateraketa kopuruaren jaitsiera. Hala eta guztiz, Urzelaik esan du ezin dutela pandemia amaitu arte zain egon: "Pandemia aurreko kopuruetara iritsi behar dugu Aste Santua baino lehen. Otsailean eta martxoan ere ohiko dohaintzak baino gehiago lortu beharko genituzke".

Gazteak dira odola gehien ematen dutenak, 18 eta 25 urte bitartekoak, unibertsitateetan eta Lanbide Heziketako zentroetan jartzen baitituzte odola ateratzeko postuak. "Gero, odola emateari uzten diote, ordea", esan du Urzelaik.

Urzelairen arabera, ez da aparteko baldintzarik behar odola emateko: hiruzpalau hilabetean ordubeteko edo bi orduko denbora eskaini ahal izatea, 18 eta 65 urte artean izatea, 50 kilo baino gehiago pisatzea eta gaixotasunen batez kutsatu ahal izateko arrisku-praktikarik egin ez izana (sexualak, bidaiak, gaixotasun kutsakorrak dituzten pertsonekin kontaktua izatea…).

COVID-19az kutsatzea ere ez da oztopoa odola emateko: "Behin 28 egun igarota, ez dago inongo arazorik. Baliteke omikron aldaerarekin itxaronaldi hori murriztu ahal izatea, baina oraingoz 28 egunetan dago".

Odol emaileak herrika

  • Aia: 65
  • Aizarnazabal: 83
  • Azkoitia: 896
  • Azpeitia: 614
  • Beizama: Ez dute odol ateraldirik egiten.
  • Errezil: 73
  • Getaria: 96
  • Orio: 169
  • Zarautz: 539
  • Zestoa: 224
  • Zumaia: 379

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide