Tuterako hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea deitu du arratsalderako Sostenipek

Andoni Elduaien 2022ko urt. 13a, 08:56

19:00etarako egin du deialdia herriko talde feministak. Herriko plazan elkartuko dira eraso eta erailketa oro gaitzesteko.

Azkoitiko Sostenipe talde feministak Tuteran jazo den hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea deitu du gaur, osteguna, 19:00etarako. Erasorik ez erantzunik gabe lelopean, eraso eta erailketa matxista oro gaitzetsiko dituzte elkarretaratzean.

Astelehen goizean 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuterako (Nafarroa) etxebizitza batean. Labanarekin egindako zauriak zituen hilotzak, eta emakumearen senarra izan da hasieratik hilketaren susmagarri nagusia. Atzo eguerdian atxilotu zuten gizona Boisredonen (Frantzia).

Azkoitiko Udalak ere gogor salatu du Tuteran "Sara Pina nafarraren heriotza eragin duen" eraso matxista. Erakundeak "irmoki" gaitzetsi du hilketa. Horrekin batera, biktimaren familiari eta hurbilekoei "elkartasuna" helarazi die udalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide