Tuterako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Urola Erdiko Itaiak Azpeitian

Julene Frantzesena 2022ko urt. 12a, 18:14

19:00etan hasita egingo dute kontzentrazioa Azpeitiko plazan, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Azkoitiko Udalak ere "irmoki" salatu du 38 urteko emakumearen hilketa.

Tuteran jazotako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Urola Erdiko Itaiak biharko, osteguna. Plazan egingo dute kontzentrazioa, 19:00etan hasita, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean.

Itaiak salatu duenez, ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako "testuinguru paregabea" sortzen du. "Ondorioz, emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz". Itaiak "beharrezkotzat" jo du emakume langileek erasoen aurrean erantzun "eraginkorrak" hedatzea, horiek gauzatzen dituzten "figurak seinalatzea" eta emakumeak egoera horretatik askatzeko "baliabide ekonomikoak zein sozialak" garatzeari ekitea.

Astelehen goizean 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuterako (Nafarroa) etxebizitza batean. Labanarekin egindako zauriak zituen hilotzak, eta emakumearen senarra izan da hasieratik hilketaren susmagarri nagusia. Atzo eguerdian atxilotu zuten gizona Boisredonen (Frantzia).

Udalaren salaketa

Azkoitiko Udalak ere gogor salatu du Tuteran "Sara Pina nafarraren heriotza eragin duen" eraso matxista. Erakundeak "irmoki" gaitzetsi du hilketa. Horrekin batera, biktimaren familiari eta hurbilekoei "elkartasuna" helarazi die udalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide