Benetan be konpainiak Porno vs Afrodita (edo I love #GorkaUrbizu) ikuskizuna aurkeztuko du datorren larunbatean, otsailak 19, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu zozketan parte hartzen duten Maxixatzeneko bazkide guztien artean. Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek osteguneko 12:00etara arteko epea izango dute.
Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena. Irabazleak ostegunean jakinaraziko ditu Maxixatzenek.
Ikuskizunari buruz
Benetan be konpainiaren bigarren antzezlana da Porno vs Afrodita (edo I love #gorkaurbizu). Ikusle gazte eta ez horren gazte, heldu eta oraindik heltzear daudenentzat sortu dute, zalantzez, grinaz, ezintasun ase ezinez eta beste horrenbeste ergelkeri sexualez zein afektiboez barre egiteko. Dena, zuzeneko musikaz blai.
Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu dira eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta beraien inguruko umeen zein gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dute zentzuen aurrean. Beti ere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean.
Sei gizabanako hilkor, bizitzarekin ahal duten moduan moldatzen, bi heroi eta bi jainko-jainkosa ahalguztidun gizaki gaixoek debekatuta duten guztiaz gozatzen. Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre algara, mina, pasioa, haragia eta odola. Izango da rock and rolla.