Kresala dantza taldeak Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundubira dantza ikuskizuna aurkeztuko du datorren larunbatean, urtarrilak 22, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu zozketan parte hartzen duten Maxixatzeneko bazkide guztien artean. Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek osteguneko 12:00etara arteko epea izango dute.
Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena. Irabazleak ostegunean jakinaraziko ditu Maxixatzenek.
Dantza ikuskizunari buruz
Ikuskizunak Elkanoren mundubiran eta euskal nabigazioaren urrezko aroan du sorkuntza abiapuntua. Faustino Aranzabalek zuzendu du obra berriaren koreografia eta jatorrizko musika Enrike Solinisena da. Oholtza gainean, 30 dantzari inguruk parte hartuko dute, dantzaren bidez lehen munduko itzulia kontatzeko.
Balleta hamazazpi eszenatan eta akto bakarrean garatuko dute, Esquivel, Iztueta eta Gadesi keinuak eta erreferentzia garbiak eginez. Horrez gain, Artzeren, Etxepareren eta Galeanoren poemek, besteak beste, obra goitik bera hezurmamituko dute. Jon Etxabe, Daniele Carnovich, David Sagastume, Orfeoi Donostiarra, Gazte abesbatza eta Orfeoi Txikia, eta Leire Berasaluze, Josean Bengoetxea, Maika Etxekopar eta Asier Hernandez errezitatzaileak izango dira Kresalako dantzariekin batera.