Gutuna

San Jose egoitza: protokoloa

San Jose egoitzako egoiliarren senideak 2022ko urt. 11a, 10:28

San Jose egoitza.

San Jose egoitzako egoiliarren senideek honako gutun hau bidali dute Maxixatzenen erredakziora. Egoitzan hainbat kasu positibo zenbatu ondoren, Eguneko Zentroa itxi dute. Egoiliarren senideek egoitzaren kudeaketa salatu dute beste behin.

"Egun hauetan gure egoiliarren artean zenbait 'kasu positibo' agertu dira, eta protokoloaren araberako neurriak hartu dituzte 'positiboak' diren horiek besteengandik bereizteko. Guztion onerako da, eta neurriak hartu beharra dago; horraino ondo, horrekin ez da inor kexatzen. Beste kontu bat da, ordea, 'negatibo' eman dutenekin. Berriro ere bisitak mugatuta ditugu senideok, eta eguna joan eta eguna etorri lau hormen barruan jarraitzen dute, berriro ere zigortuta.

Bi urteren ondoren, gure agintariak ez al dira oraindik jabetu adineko pertsonekin amaitzeko era bat dela bizi duten tristura eta bakardadea? Garbi dago ez zaiela axola zer egoeratan dauden eta nola sentitzen diren, baizik eta kutsatuta daudenen nahiz heriotzen kopurua bakarrik. Zenbakiak, azken finean.

Egoitzetan orokorrean sortzen diren arazoez gain, bada beste bat gure herrikoa, Azkoitikoa, berezia egiten duena. Hiru zentroak, egoitza bera, Eguneko Zentroa eta apartamentuak, guztiak eraikin berean daude.

COVID-19a agertu zenetik ez da lehen aldia Eguneko Zentroa ixten dutena eta hara joaten direnak zerbitzurik gabe gelditzen direna.

Eguneko Zentroko egoiliarren senideei abisua pasatu zieten, hurrengo egunetik aurrera etxean gelditu beharko zutela esanez. Esan zieten, Eguneko Zentroko lokalak behar zituztela egoitza barruan hauteman dituzten 'kasu positiboak' besteengandik bereizteko, eta leku gehiagoren beharra zutelako. Ulergarria da kasu horretan neurri bereziak hartu behar izatea, baina ezin da onartu alde batekoa konpontzeko behin eta berriz Eguneko Zentroaren zerbitzuaren beharra duten pertsonak kaltetzea.

Etxean gelditu eta ordu batzuetarako laguntza eskaini diete Eguneko Zentroaren erabiltzaileei. Modu hori ez da konponbidea familiakoentzat; hori lardaskeria triste bat da. Eguneko Zentrora joateko arrazoiak dira lana, beste zenbait eginkizun edota etxeko egoeragatik beste era batera konpondu ezin izana. Benetan zerbitzu horren beharra dute, ez da kapritxoa. Zer egin behar dute egoerak horrela jarraitzen duen bitartean? Lana utzi? Baja hartu? Beste norbait kontratatu horrek suposatzen duen kostuarekin? Zein egingo da horren guztiaren erantzule? Biharko enpresa? Kabia, Foru Aldundia? Udala? Kudeaketa txar baten aurrean gaude berriro ere, eta guztiok dakigu zein ari diren sufritzen: egoiliarrak, Eguneko Zentroko erabiltzaileak, apartamentu tutelatuetakoak, horien guztien senideak, eta nola ez, bertako langileak. Horiei eskerrak eman beharrean gaude. Nahiz eta beraien gainetik daudenak ez ohartu guztia martxan egoteko zeinen beharrezkoak diren, ahal duten guztia ari dira ematen.

Askotan salatu dugu herrian hiru zerbitzu horiek eraikin berean egoteak oztopoak besterik ez dituela sortzen. Bakoitza aparteko leku batean egongo balitz, bere leku berezian eta bere langileekin, ez genukeen orain arazo horrekin topo egingo. Lekuaz gain, langileak ez lirateke ibiliko egoitzako lanetan gaur egun ibiltzen diren moduan; orain Eguneko Zentroan, orain apartamentutakoetan... beharraren arabera. Gainera, egun gertatzen den moduan, batak besteari ez lioke eragingo: Eguneko Zentroko langileak eta zentroa bera egoitzakoarentzat behar direla esaten digute, eta Eguneko Zentroaren zerbitzua kentzen dute, horko erabiltzaileak etxera bidali eta kito, beraien etxekoak moldatu daitezela!

Azkoitiko Udal Gobernuak noiz jabetu behar du herriak duen arazoarekin?

Aldundia eta politikoak aho betean dabiltza propaganda egiten eta arreta soziosanitarioaren eredua aldatzeko programa zoragarriak saltzen, jendea engainatu nahian. Ez dira gai eguneko errealitatean sortzen diren arazoei irteera egoki bat emateko. Lotsarik ez!".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide