Azkoitiko inzidentzia tasa 8.161era iritsi da

Anartz Izagirre 2022ko urt. 6a, 14:40

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken hiru egunetan 315 lagunek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta etenik gabe goraka jarraitzen dute herri gehienetako intzidentzia tasek. Azkoitian, guztira, 315 positibo zenbatu dituzte azken egunetan, eta egun, 8.161,56ra igo da herriko tasa.

Urola Kosta eskualdean, Azpeitian zenbatu dituzte beste behin positibo gehien; 342, hain zuzen ere. Beste behin, marka guztiak hautsi ditu hango intzidentzia tasak, eta une honetan 8.600,53koa da tasa, eskualdeko herri denetatik altuena. Zarautzen ere egoera ez da askoz hobea, eta 288 kasu berrirekin 5.563,88an kokatu da hango tasa. Zumaia da hurrengoa kasu kopuru altuenen zerrendan, eta 180 positibo berri zenbatuta, 7.189,29ra igo da tasa metatua. Orion, bestalde, 79 kasu izan dira eta 5.039,14koa da tasa. 5.000 biztanletik beherako herrien kasuan, bestalde, honakoak dira zenbatutako kasu kopuruak eta tasak: Getarian 62 kasu eta 7.349,82ko tasa, Zestoan 58 kasu eta 6.317,41eko tasa, Aian 34 kasu eta 5.239,29ko tasa, Errezilen hamalau kasu eta 4.347,83ko tasa, Aizarnazabalen zazpi kasu eta 6.371,91ko tasa eta Beizaman kasu bat eta 4.032,26ko tasa. Horrenbestez, herri guzti-guztietan zenbatu dituzte azken hiru egunetan positiboak.

Hego Euskal Herrian, 16.642 positibo

Koronabirusak eragindako positibo kasuek hedatzen jarraitzen dute Hego Euskal Herrian ere, eta atzo, asteazkena 41.669 PCR eta antigeno probetatik 16.642 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, honakoak dira datuak: Bizkaian 7.197, Gipuzkoan 3.934, Nafarroan 3.384 eta Araban 2.005. Bestalde, Nafarroan %47,9 da positibotasun tasa, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %38,3.

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, 753 pertsona daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 122 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 241 pertsona daude erietxeetan eta 21 dira ZIUetan daudenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide