Ertzaintzak 52 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Azkoitian, Ertzaintzaren arabera, auto istripua izan ondoren hura artatzera joan ziren agenteei eraso egin ostean. Autoritatearen agenteei atentatua egitea leporatzen diote atxilotuari.
Altzibar etorbideko biribilgunean izan zuen istripua gizonezkoak; hain zuzen, errepidetik ondoko espaloira atera zen ibilgailua. Iturri horren arabera, Udaltzaingoak laguntza eskatu zion Ertzaintzari ezbeharra kudeatzeko. Haren esanetan, autoaren gidariari alkoholemia proba nahitaez egin behar ziotela esan zioten, istripu batean inplikatuta zegoelako. Gidariak, ordea, ez zituen probak egin nahi izan, agenteak "mehatxatu" zituen eta "jarrera oldarkorra" hartu zuen "polizia-baliabideen kontra". Horren aurrean, gizonezkoa atxilotu egin zuten. Era berean, Donostia Ospitalera eraman zuten, istripuan izandako zauriengatik.
Ertzaintzak jakinarazi du atxilotuak aurrekariak dituela erasoagatik. Une honetan ikerketapean dago gizonezkoa, bide-segurtasunaren kontrako delitua egin duelakoan.