COVID ziurtagiriaren derrigortasuna salatzeko, elkarretaratzea egingo dute ostiralean, urtarrilak 7, Azkoitian. Azkoiti Aktiboa izeneko taldeak deitu du protestara; 19:00etan elkartuko dira plazan, COVID ziurtagiriari ez! lelopean.
Azkoiti Aktiboa taldeak azaldu duenez, azkoitiar batzuk "kezkatuta" daude azkenaldian "normalizatzen ari diren hainbat egoera" tarteko. "Azken bi urteak ez dira errazak izan inorentzat, eta gutako bakoitzak ikuspuntu ezberdina du gertatzen ari denarekiko. Hori aberatsa da, eta iritzi guztiak errespetagarriak dira. Gertatzen ari den guztiak, ordea, ez du edozer justifikatzen, eta iruditzen zaigu botereak hartu dituen neurri batzuk ez direla onargarriak; azken asteetan indarrean den COVID ziurtagiri baztertzailea, esaterako", adierazi dute.
Taldearen arabera, "neurri gogor" horrek "jendea zigortzea" du helburu, "haren erabakitzeko eskubidearen kontra" eginez, eta hori "onartezina" iruditzen zaie. "Agintariek errua norbaiti botatzea erabaki eta sorginen ehiza abiatu dute. Ehiza horrek, ordea, oinarrizko eskubide ugari murrizten ditu, eta egoera jasanezinak sortu ere bai; esate baterako, ospitaleetan. Aste honetan inguruko jende askori debekatu diote senitarteko gaixoak ikustea, umiliatuta sentiaraziz. Horrez gain, gertutik bizi izan ditugu udal instalakuntzak erabiltzeko debekuak eta bizitza soziala garatzeko beste hainbat debeku", azaldu dute. Neurri horiek hartzea ez dela "zuzena" uste dute. "Ez da normala, eta ez dezagun normalizatu".
Hausnarketarako deia
Azkoiti Aktiboa taldeko kideak "konbentzituta" daude COVID ziurtagiriaren ezarpenak "inori" ez diola "mesederik" egiten. "Kalean giroa erabat gaiztotuta ikusten dugu, ugariak dira elkarren arteko haserreak, eta elkarbizitza gero eta zailagoa da denontzat". Errealitate horren aurrean, hausnarketarako deia egin diete azkoitiar guztiei, "txertatuei eta txertatu gabeei". Honako galdera hauek egin dituzte: "Zer neurri ari gara onartzen? Zertarako? Zeinen mesedetan?". Era berean, ostiraleko elkarretaratzera bertaratzeko deia egin dute, eta herritarrak beren inguruan COVID ziurtagiriaren inguruko eztabaida sustatzera animatu dituzte. Horrez gain, elkartasuna adierazi diete "bi urte gogor hauetan era ezberdinetako sufrimendua pairatu duten guztiei".