Gaztaneneako parke estalia erre dute bart goizaldean

Anartz Izagirre 2022ko urt. 2a, 10:29

Suhiltzaileek goizaldeko 03:00etan jaso dute abisua, eta sua itzaltzera gerturatu dira ezbeharraren ingurura. Suteak parkean "kalte nabarmenak" eragin dituela adierazi dute.

Gaztananeako parke estalia kiskaldu egin da bart goizaldean. Suhiltzaileek Maxixatzeni adierazi diotenez, 03:00ak aldera jaso dute abisua, eta une horretan bertan gerturatu dira ezbeharraren lekura. Itxura guztien arabera, probokatutako sute bat dela nabarmendu dute, eta "kalte nabarmenak" eragin dituela parkean.

Udalak azaldu duenez, Udaltzaingoak 02:47ean partikular baten deia jaso du suteaz ohartaraziz. Minutu gutxi barru bertaratu dira Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak. Azken horiek itzali dute sua. Udalaren arabera, sutea "probokatua" izan da eta "sua hedatzeko substantziak" erabili dira.

Ez da halako zerbait gertatzen den lehen aldia; izan ere, suhiltzaileek azaldu dute duela hilabete leku berean beste sute baten abisua jaso zutela. Bideoko irudiak herritar batek Maxixatzenera bidalitakoak dira. Azkoitiko Udalak Bozeramaileen Batzordea deitu du gaur 12:00etan gertaeraren inguruan hitz egiteko.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide