Binakako Harri-jasotze Txapelketaren finala jokatuko du bihar Goenatxo III.ak

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 30a, 14:41

Egur Sport enpresak antolatutako jaialdian neurtuko ditu indarrak azkoitiarrak, Xabat Olaizola zarauztarrarekin batera, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi frontoian. Eskualdeko hiru bikote arituko dira biharko finalean nor baino nor gehiago lehian.

Binakako Harri-jasotze Txapelketaren finala jokatuko dute bihar, 17:00etan hasita, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi frontoian, eta Jon Unanue Goenatxo III.a izango da bertan. Aurrez aurre, eskualdeko harri-jasotzaileak ariko dira nor baino nor gehiago txapela helburu dutela, hiru bikotetan banatuta: bata, Gorka Etxeberria oriotarrak eta Jokin Eizmendi zarauztarrak osatutakoa izango da; bigarrena, Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrek; eta hirugarrena, Xabat Olaizola zarauztarrak eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak. Olaizolak Aimar Galarraga oriotarra ordezkatu du txapelketa honetan.

Finalera sailkatzeko bi kanporaketetako lan berdinak egin beharko dituzte parte-hartzaileek, baina kasu honetan, harri bakoitzarekin hiru minutuko denbora tartean. Erabiliko dituzten harriak, berriz, ondorengoak izango dira: 150 kiloko laukizuzena bikoteko batek, 125 kiloko kopa bikoteko batek, eta biak elkarrekin 113 kiloko kubiko eta 100 kilo bolarekin.

Egur Sport enpresak antolatutako herri kirol jaialdia izango da, eta binakako harri-jasotzeaz gain, beste lau txapelketa jokatuko dira 17:00etatik aurrera: Gizonezkoen Urrezko Aizkolarien Kopa, eta Emakumezkoen trontza, ingude eta aizkora txapelketak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide