Iraurgiren Juaristi ISB taldeak Urrezko LEB ligako 14. jardunaldia jokatu zuen atzo, asteartea, kiroldegian, eta 89-82 nagusitu ziren Leyma Coruña taldearen aurka. Iñaki Jimenezen mutilak indartsu hasi ziren lehian, eta partidaren lehen bi zatietan aurretik joan ziren markagailuan. Hirugarren zatian, ordea, aurrea hartu zien Galiziako taldeak, eta azken zatira 66-69 igaro ziren. Horrek, ordea, ez zuen kikildu Azkoiti-Azpeitiko taldea, eta azkenean, norgehiagokari buelta eman eta garaipena erdiestea lortu zuten.
Atzokoa, gainera, ez zen nolanahiko garaipena izan, Leyma Coruña taldea sailkapeneko 4. postuan baitago egun, hogei punturekin; Juaristi ISB, berriz, 14. postuan dago.
Gipuzkoa Basketen aurka
Hurrengo jardunaldian, urtarrilaren 9an, bi euskal talderen arteko derbia izango da Illunben. Izan ere, Juaristi ISBk Acunsa Donostia Gipuzkoa Basket taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, 18:00etan hasita. Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak, berriz, Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldea izango du aurkari, Caceresen (Espainia), urtarrilaren 8an.