Labi bihar bilduko da urte bukaera begira neurri berriak onartzeko

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 27a, 13:26

Bileran aurkeztuko diren neurri zehatzak jakinarazi ez badituzte ere, Presidenteen Konferentziara eramandako proposamenak izatea aurreikusten dute: hain zuzen ere, edukierak eta merkataritza nahiz ostalaritza ordutegiak murriztea.

Labi aholku batzordea bihar elkartuko da, 16:30ean, eta aurreikuspen guztien arabera, murrizketa berriak ezarriko dituzte Urtezahar eta Urteberri egunetarako. Iñigo Urkullu lehendakariak biharko deitu du bilera, baina ez du zehaztu zeintzuk izango diren aurkeztuko dituen neurri zehatzak.

Itxura batera, Urkulluk joan den astean Presidenteen Konferentziara eramandako proposamenaren ildotik joko du, eta edukierak eta merkataritza nahiz ostalaritzako ordutegiak mugatzera bideratutako neurriak izango dira hartuko direnak. Zehatzago izatera aldera, edukierak %60ra murritz ditzakete, ostalaritzan zutik kontsumitzeko debekua ezarri edota gehienez ere hamar bezero elkartzea ahalbidetu mahai bakoitzeko.

Horrekin batera, ordutegien murrizketa proposa dezake egun berezienetarako; hau da, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, ostalaritza 21:00etan ixtea. Salbuespena izango litzateke abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean afariak emango dituzten jatetxeetan; horiek 23:30ean itxi beharko dutela aurreikusten da.

Proposatutako neurriak onartuz gero, asteazkenean jarri daitezke indarrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide