Gabon eguna da gaur, eta goizean goizetik hasita giro ederra nagusitu da herriko kaleetan zehar. Olentzero eta Mari Domingi izan dira goiztiarrenak, 10:30ean Ipintza auzotik hasita herriko kaleak zeharkatzen ibili baitira. Besteak beste, Altzibar, Txalonerreka, Jausoro, Ibai-Ondo eta Balda plaza igaro dituzte, eta dozenaka haur izan dituzte zain txoko bakoitzean. Leku horietan ez dute geldialdirik egin; izan ere, aurten, koronabirusak eragindako pandemia dela-eta, kamioi batean egin dute ibilbidea.
Bestalde, hainbat izan dira baserritar jantzia soinean Gabon egunaz gozatzera atera diren herritarrak ere. Horietako asko Gabon eskean ibili dira auzoz auzo, trikitixa eta panderoa lagun. Horien artean, adibidez, ikasturte honetan ikasbidaira doazen dozenaka ikasle izan dira, kaleak musikaz girotzen. Horrez gain, Azkoitiko Udal Musika Bandak ere musikaz girotu ditu herriko kaleak, herriko hainbat txokotan abestiak jo baitituzte; besteak beste, El pequeño tamborilero, Hator hator, Din dan don, Gabon gaua eta White Christmas kantuak jo dituzte.