Ohi baino beranduago bada ere, Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta datuek baieztatzen dutenez, koronabirusa eskualdean etenik gabe hedatzen ari da. Izan ere, 450 kasu positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan, eta Urola Kostako herri ia guztietako intzidentzia tasek gora egin dute, horietako batzuetan, gainera, nabarmen.
Kasu kopurari dagokionez, Azkoitian etenik gabe goraka jarraitzen dute kasuek, eta azken hiru egunetan 84 atzeman dituzte. Hori dela eta, intzidentzia tasak gora egin du, eta 1.852,62an kokatu da, bi milako langatik gertu. Eskualde osoan, Azpeitian izan dira azken hiru egunetan kasurik gehien: 112. Hori dela eta, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak gora egin du berriro, eta 2.503,29an kokatu da. Gertu izan du Zarautz, han 106 kasu hauteman baitituzte; hala eta guztiz ere, han intzidentzia tasaren igoera ez da hain handia izan, 1.699,15etik 1.781,81era igo baita.
5.000 biztanletik gorako herriekin jarraituz, Zumaian 52 kasu zenbatu dituzte, eta 1.882,17ra igo da tasa metatua; Orion, berriz, 27 kasu izan dira, eta eskualdeko herri handietatik tasarik altuena duen herria izaten jarraitzen du, 2.772,34ko tasa baitu. Bestalde, herri txikietan ere igoera izan da ia leku denetan: Zestoan 35 kasu izan dira, eta 3.312,79koa da tasa; Aian 20 kasu izan dituzte eta 2.670,03ra igo da tasa; Getarian sei kasurekin 1.342,76ra igo da tasa; Errezilen bost kasu zenbatu dituzte eta 1.610,31ko tasa dute, eta Aizarnazabalen hiru kasu hauteman dituzte eta 1.170,35ekoa da tasa. Beizama izan da eskualde osoan azken hiru egunetan kasurik izan ez den herria.
Marka berriak hausten
Eskualdeko datuak Hego Euskal Herriko joeraren islada dira, eta horren erakusle da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hautsi den marka berria. Izan ere, egun bakar batean 4.700 emaitza positibo izan dira PCR eta antigeno probetan, bezperan atzemandakoak baino 1.156 gehiago. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %19,1ekoa izan da, 24.832 proba egin baitziren atzo. Lurraldez lurralde, 14 eguneko intzidentzia metatua 1.824 kasukoa da Gipuzkoan, 1.478koa Araban eta 1.257 kasukoa Bizkaian. Nafarroan ere marka berria hautsi dute, eta atzo egindako probetatik 1.611 izan ziren emaitza positiboa izan zutenak, eta positibotasun tasa %22,9koa da; inoiz ez da halako daturik atzeman.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, bestalde, duela hiru egun baino egoera zertxobait hobea dute, baina oraindik 386 eri daude ospitaleetan, eta horietatik 101 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 169 dira ospitaleetan dauden eriak, eta horietatik 25 daude ZIUetan.
Maskara derrigorrezkoa
Koronabirusaren hedapena ikusita, Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin bildu ziren atzo autonomia erkidegoetako presidenteak, eta han erabaki zutenez, aire zabalean maskara janztea derrigorrezkoa izango da gaurtik aurrera —gaur onartu du lege dekretua Espainiako Ministroen Kontseiluak—. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Maria Txibite presidenteak, momentuz, ez dute aldaketa gehiagorik iragarri Gabonetarako, baina hainbat hedabidek iragarri dutenez, pandemiari era koordinatuan aurre egiteko zenbait neurri aztertzen ari dira biak.