Aizterri Homek, Ostadar optikak eta Hizki papertegiak jaso dituzte erakusleiho lehiaketako sariak

Andoni Elduaien 2021ko abe. 23a, 14:07

Herrixen elkarteak bere bezeroen artean eman ohi duen Herrixen Saria, berriz, Iturri Parafarmaziak eskuratu du. Aurten, hamasei saltokik parte hartu dute lehiaketan.

Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak antolatutako XXV. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketak baditu saridunak. Aizterri Home dekorazio dendak jaso du lehenengo saria; Ostadar optikak, bigarrena, eta Hizki papertegiak hirugarren saria eskuratu du. Ohi bezala, aurten ere kaleetan "Gabon giroa piztea" eta herriko "merkataritza txikia sustatzea" izan ditu helburu lehiaketak.

Herriko hamasei saltokik parte hartu dute aurtengo lehiaketan. Irabazle suertatu diren saltokietako arduradunek Ana Azkoitia Ogasun zinegotziaren eta Sara Rodriguez Herrixen elkarteko arduradunaren eskutik jaso dituzte gaur, osteguna, sariak. Pozik agertu dira merkatariak, egindako lanak "merezi" izan duelako. Herrixen elkarteak bere bezeroen artean eman ohi duen Herrixen Saria, berriz, Iturri Parafarmaziak eskuratu du. "Gabon giroa pizteko asmoz, saltokiek sormenari bide eman diote eta dotore apaindu dituzte erakusleihoak, eskertzekoa dena egun hauetan kaleaz gozatzeko", azaldu du udalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide